UNESCO
(Ing. United Nations Educational Scientific and Cultural Organization. Eusk. “Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundea”). 1946an Nazio Batuen Elkarteak sorturiko erakundea. Haren helburua nazioarteko bakea eta gizarte ongizatea bermatzea da, hezkuntza, zientzia eta kultura alorretako nazioarteko lankidetzaren bidez. Nazio Batuen Elkarteko ia kide guztiak UNESCOko kide dira. Parisen du egoitza. Hezkuntzaren alorrean alfabetatze eta oinarrizko hezkuntza munduko estatu guztietan zabaltzeko programak lantzen ditu, analfabetismoaren kausa sakonak ezabatzeko. Halaber, gizadiaren kultura ondarea babesten saiatzen da estatuen arteko lankidetzaren bidez. Ildo honetatik nabarmentzekoak dira hainbat tokitan egin dituen babes ekintzak: Nubiako tenpluak, Barabadur, Venezia, Cuzco, Fez, Machu Pichu, Angkor… Unesco Albistaria izeneko aldizkaria argitaratzen du hainbat hizkuntzatan –euskaraz, besteren artean–, kulturen arteko komunikazioa bideratzeko eta bere lanen berri emateko.