UNED
(Universidad Nacional de Educación a Distancia). Espainiako urrutiko hezkuntzako unibertsitatea. Goi mailako ikasketak egiteko aukera eskaintzen du, eskoletara joteko beharrik gabe. Erakunde honen helburua hezkuntza eta ikerkuntza bitarteko desberdinen bidez aurreratzea eta hedatzea da: besteak beste, irrati eta telebista programen bidez, material didaktikoen bidez, posta bidezko ikastaroen bidez eta bitarteko informatikoen bidez. Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitatea 1973. urtean sortu zen. Madrilen du egoitza nagusia, baina Espainiako estatuko lurralde osoan ditu adarrak. Hiru irakasbide nagusi erabiltzen ditu: ikasleari ikastetxean bertan eskaintzen zaion tutoretza, irakaskuntza eta aholkularitza sistema; ikus-entzunezko bitarteakoak (irratia eta telebista gehienbat), gai jakinei buruzko eskolak eta erreportajeak eskaintzen dituztenak; eta hitzaldi sistema, ikastetxean bertan edo bideo bitartez jaso daitekeena. Azkenik, Unibertsitateak berak bere unitate didaktikoak argitaratzen ditu.