ukimen
iz. Gorputzaren zentzumena, gorputzaren azal guztian datzana, gauzakien ukipena eta gauzen gogortasuna eta tenperatura sumarazten dituena. v Med. Eragilearen nolakotasunaren eta indarraren arabera, ezberdina da ukimenak jasotzen duen sentipena. Horrela, hasieran ukipen hutsa baino ez denak, eragilearen indarra areagotuz gero, presio sentipena, bai eta oinazea ere, eragin ditzake. Ezberdina da, era berean, ukimenaren zorroztasuna, gorputz atalen arabera: oso zorrotza da mihiarena, ezpainena, esku ahurrena eta hatz muturrena. Larruazalaren egoerak ere zorroztasuna baldintzatzen du; hiperkeratosiak (larruazal lodituak), hotzak eta anemiak gutxiagotzen dute. v Ukimenaren korpuskuluak. Ukimenari lotutatako sentipenak jasotzen dituzten kirio muturrak eta haiek biltzen dituzten egiturak. Hiru mota nagusi dira: Krauserenak, Meissnerrenak eta Vater-Paccinirenak. Krauserenak eta Meissnerrenak, dermisaren zati papilarrean dira eta Vater-Paccinirenak, berriz, barnerago.