Txu Teh
edo Zhu De. Txinatar militarra eta politikaria (I-lung, Szechwan-eko probintzia, 1886 - Pekin, 1976). 1909. urtean gudarostean sartu zen eta 1911. urteko iraultzan parte hartu zuen. 1927. urtean Nan Txan hiriko matxinadan borrokatu zen eta urtebete geroago, Mao Zedong-ekin batera gudaroste gorria sortu zuen. Maorekin batera, halaber, Fukien eta Kiangsi probintzietako sobietak antolatu zituen. Ibilaldi Luzeko Lehen gudarostearen buruzagi izan zen. VIII. dibisioko komandantea izan zen gero eta Txang Kai-Txek buru zela, japoniarren aurka borrokatu zen. 1944an Txinako alderdi komunistaren VII. kongresuak politburoko kide egin zuen Txu Teh. Arlo militarrean jakintza handiko pertsona zen eta 1946-1954. urteetan herriaren askapenerako Gudarosteko komandante nagusia izan zen (barnealdeko Txina konkistatu zuen). Txinako iraultza amaitu zenean errepublikako lehendakari egin zuten (1954-1959) eta 1955. urtean mariskal. 1956. urtean alderdi komunistako batzorde zentraleko lehendakariorde hautatu zuten. Kultura iraultzaren garaian kritika zorrotzak egin zizkioten goardia gorriko partaideek baina alderdi komunistako IX. kongresuak (1969), alderdiko batzorde zentraleko politburuko behin betiko kide izendatu zuen berriro eta herriko kongresu nazionaleko batzorde iraunkorreko lehendakari hautatu zuten.