Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Txuvashia

Errusiako zazpi errepublika autonomoetako bat, Europako Errusiako mendebalean, Volga ibaiaren erdiko ibilguan, Gorki eta Kazan hirien artean hedatzen dena. 18.300 km2 eta 1.312.000 biztanle (% 68 txubashtarrak; % 26 errusiarrak; % 3 tatariarrak). Hiriburua, Txeboksari. Hiri nagusiak: Alatyr, Kanash, Shumerlya eta Novotxeboksarsk. Baso trinkoek hartzen dute lurraldearen iparraldea eta estepa zabalek hegoaldea. Volga, Sura, Bolshoi, Tsivil, Maly Tsivil eta Vubnya dira lurraldea ureztatzen duten ibai garrantzitsuenak. Laborantza (garia, garagarra, artoa, patata, tabakoa), abere hazkuntza (behi eta zerri azienda), arrantza (Volga eta Sura ibaietan) eta industria (metalurgia, tresneria mekanikoa eta elektrikoa, janari industria, larrugintza) dira ekonomia jarduera nagusiak. v Historia. Txubashtarrak turkiar jatorriko biztanleak dira gehienbat. XVI. mendean Errusiarekin bat egin zuen; 1920. urtean eskualde autonomo bihurtu zen eta 1925ean errepublika autonomo. 1929-1936 urteetan Gorki-ko lurraldearen barnean zegoen.