Txubais, Anatoli
Ekonomista eta politikari errusiarra (Borisov, 1955). San Petersburgoko Unibertsitatean ekonomia irakasle izan zen (1977-1990), eta hiri horretako alkatearen aholkulari ekonomiko (1991). Pribatizazioen ministrorde izendatu zuten 1992an, eta ministro 1994an. Eltsin presidenteak kendu egin zuen kargutik 1995ean, pribatizazioak ez baitziren herritarren gustukoak izan, baina 1996an lehendakaritzako buru izendatu zuen, eta 1997an Ogasun ministro eta Lehen ministrorde. Bi kargu horietan, pentsio sistema aldatzen eta zerga bilketarena hobetzen saiatu zen. 1997ko azaroan dimititu egin behar izan zuen, finantza eskandalu bat zela medio. 1998an, Errusiako elektrizitatearen monopolioa duen enpresaren presidente izendatu zuten.