Txu En-Lai (Zhou Enlai)
Txinako politikaria eta jenerala (Huaian, Kiangsi, 1898 - Pekin, 1976). Tientsin-go unibertsitatean ikasi zuen eta 1919an unibertsitarien matxinadan parte hartzeagatik urtebeterako kartzelaratu zuten. 1920tik 1923ra Europan ikasi zuen –Frantzian bi urte, Britainia Handian, Alemanian–, eta txinatar gazteen artean talde komunista bat eratu zuen. Txinara itzulirik, 1924tik 1926ra komisario politikoa izan zen Kuomintang-eko akademia militarrean. 1927an Kanton-eko matxinadan parte hartu zuen eta hura zapaldua izan ondoren Kiangsi probintzian gudaroste komunista eratzen jardun zuen. 1934an Ibilaldi Luzean parte hartu zuen. 1936an, japoniarren inbasioari aurre egitearren Kuomintang-ekin elkar hartzearen alde azaldu zen. 1945ean Alderdi Komunistako politika batzordeko kidea zen eta 1949an, Txinako Herri Errepublika aldarrikaturik, lehen ministro eta Kanpo Arazoetarako ministro izendatu zuten. Politikari eta diplomatiko trebea zen; protagonismo nabarmena izan zuen nazioarteko bilera garrantzitsuetan (Geneva, 1954; Bandung, 1955) eta goi karguak izan zituen Txinako gobernuan. Kultura Iraultzaren garaian Maoren ondoan jarraitu zuen, baina ez zuen bat egin alderdiko buruekin (Lin Piao, Txen Po-ta eta Liu Shao-Shi). Kultura Iraultzaren ondoren alderdiaren barruan indar handia hartu zuen.
- txotxolotze
- txotxongilo
- Txou
- Txoukhrai, Grigori Naumovitx
- txou-txou
- Txu En-Lai (Zhou Enlai)
- Txu Si
- Txu Teh
- Txu Tun-i
- txu
- Txu