tximu 2
iz. Peruko ipar kostaldeko antzinako herria, inken aurreko erreinu nagusia eratu zuena (K.o. 1000-1470 inguru). Tximu erreinua iparreko Piura-tik hegoaldeko Paramonga-ra hedatu zen. Hiriburua Txantxan zen (egungo Trujillo-tik hurbil), baina ibai bakoitzean bazen hiri bat inguruko jarduera guztien bilgune izaten zena. Txantxan munduko arkeologia aztarnategi handienetarikoa da: 20 km2 inguru. Tximu kulturaren oinarria nekazaritza zen; alorrak ingeniaritza lan handien bidez ureztatzen zituzten. Beren kulturaren aldi gorenean (1300-1440 inguru) hirigintza bultzatu zuten: tenpluak, lorategiak, bainu publikoak, jauregiak, merkatuak, edateko ura banatzen zuen hoditeria, etab. Eraikuntzak adobezkoak ziren. Halaber, oso trebeak izan ziren oihalgintzan eta metalurgian (kobrea, brontzea, zilarra, urrea). Zeramika ere lantzen zuten. 1470 inguruan, Patxakuti Inka Yupanki-ren eta haren seme Topa Inka Yupanki-ren aurka luzaro borrokatu ondoren, Tximu erreinua inken mende gertatu zen. Inkek tximu kulturaren ezaugarri anitz beretu zituzten.