Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

tximista

iz. Trumoiarekin batera izaten den argindar handiko deskarga.  v  Sarritan tximista kumuluninbo hodeiekin lotzen da, ekaitza ekartzen duten hodeiekin alegia; izaten dira alabaina, tximistak ninboestratu hodeietan, elur eta hondar ekaitzetan, eta baita sumendiak piztuta daudenean jaurtitzen dituzten gasen eta hondarren artean ere. Hodeiak karga positibo eta negatiboak izaten ditu, euri tantetan nahiz izotz partikuletan. Karga horiek izaten duten banatze prozesuen ondorioz hodeiak dipolo elektriko egitura hartzen duenean gertatzen da tximista. Teoria batzuen arabera ekaitzetan izaten diren hodeiek goialdean karga positibo handia izaten dute, karga negatibo handia behealdean, eta karga positibo txikia hodeiaren behe-beheko aldean. Hodeia inguratzen duen aireak karga badu, hodeiatik aire deskarga bat gertatuko da. Hodeitik lurrazalera izaten den distira, hodeiaren behe-beheko aldean den karga positiboaren neutralizazioaz hasten da. Distira horrek bi izpi izaten ditu: lehenik, hodeitik lurrazalera karga negatiboa garraiatzen duen izpi nagusi bat izaten da. Izpi hori ez da oso argitsua izaten, eta sarritan eskailera itxura eta adarrak izaten ditu. Batzuetan, eraikuntza garaiak, kanpandorreak, esaterako, edo zuhaitz garaiak direnean, izpi nagusi horrek hodeia eta lurrazala lotzen ditu. Izpi nagusi hori lurrazalera hurbiltzen den eran, aurkako zeinua duen karga bat induzitzen du, eta distiraren bidean zehar lurrazaletik hodeirantz doan karga positiboa duen izpi bat eratzen da bueltan. Bi izpi horiek gehienetan lurretik 50 bat metrotara topo egiten dute. Puntu horretan hodeia lur gainazalarekiko zirkuitu itxian izaten da, eta argitasun eta korronte handia duen inguruko bigarren izpi distiratsua gertatzen da, hodeirantz jotzen duena. Ohiko tximista distira batek zenbait ehunka miloi voltetako potentzial diferentzia izaten du hodeiaren eta lur gainazalaren artean; korrontea, berriz, 20.000 ampere ingurukoa izaten da. Distiraren bidean tenperatura 30.000 °C ingurukoa izaten da. Prozesuak ez du luze irauten, izpi nagusia lotune puntura edo lurrera 20 bat milisegundotan iristen da, eta bueltan izaten den izpia, berriz, 70 bat milisegundotan iristen da hodeira. Tximistarekin batera izaten den trumoia, tximistaren bidean den airea asko berotu eta aire berotua lastertasun supersonikoaz hedatzen delako gertatzen da; bat edo bi metrotan shock uhin supersoniko hori hots uhin bilakatzen da; eta hots uhina aldatzen da inguruan den airearen eta topografiaren eraginarekin. Hala, aldaketa horien ondorioz izaten dira trumoi hotsa.