Txang-Sha
Txinako erdi-hegoaldeko hiria eta ibai portua, Hunan-go probintziako hiriburua, Tung-ting aintziraren ertzean. 1.062.800 biztanle. Unibertsitatea. Merkataritza (arroza, tea, kotoia, zura eta metalak esportatzen ditu), lurpeko aberastasunen ustiaketa (antimonioa, zilarra, ikatza eta beruna) eta industria (ehungintza, beiragintza, metalurgia, altzairugintza, tabakogintza, kimika industria, nekazaritzako makineria, eraikuntzako gaiak, zeramikagintza) dira ekonomia jarduera nagusiak. Hiri honetako marionetak eta antzerkiak oso ospetsuak dira Txina osoan. v Historia. 1935-1936 urteetan hiriaren inguruan eginiko indusketa lanek Txu kulturaren mendeko hiria izan zela erakutsi zuten. Han dinastiaren garaian (K.a. 206-K.o. 220) Lin-hsian izena hartu zuen eta Txang-Sha gobernamenduko hiriburua izan zen. 589. urtean jatorrizko izena hartu zuen berriro eta Tan prefeturako hiriburu bihurtu zen. 750-1100. urteetan merkataritza gune garrantzitsua zen eta demografia hazkunde nabarmena gertatu zen garai hartan. Ming (1368-1644) eta Txing (1644-1912) dinastien aroan prefetura izan zen eta 1644. urteaz geroztik Hunango hiriburua. 1937-1945. urteetako japoniarren eta txinatarren arteko gerra garaian hiru gudu garrantzitsu gertatu ziren hiriaren inguruan eta hiriaren zati handiak suntsitu ziren.