tungus
iz. eta izond. Mongoliar arrazako herri multzo bateko kidea. Tungusak Siberiako ekialdean eta Mantxurian bizi dira. Tungus talde desberdin asko daude, bakoitzak bere izena eta ezaugarriak dituela: evenk, even, lamut, negidal, nanai edo gold, ulk, udegei, orok; tungus biztanle multzo handi bat Mongolian eta Txinan bizi da egun; evenki deitzen dira. Tungusen hizkuntza tunguskera da, altai multzoko hizkuntza taldea, iparraldean evenki eta lamut, eta hegoaldean mantxu eta nanai hizkuntzak biltzen dituena. Odol bereko klan exogamikoetan antolatua dute gizartea. Hasieran elur-oreinak hazten zituzten, gero ehizan eta larru salerosketan aritzen ziren. Xamanismoa dute erlijioaren oinarria, baina XVII. mendean Errusiar Inperioak kristautu egin zituen. Sobietarrek eragindako kolektibizazioak errotik aldatu zuen herri hauen bizimodua. Ahozko literatura aberatsa dute.