Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

tundra

iz. Geogr. Zuhaitzik gabeko eremu zabal laua, Alaskan, Siberia eta Kanadako iparraldean, eta hegoaldean, berriz, Tierra del Fuegon zabaltzen dena. Tundrak lurrazalaren hamarrena hartzen du. Tundrako zorua harritsua edo zingiratsua da, eta landaredia goroldioz, ahukez eta zuhaixka nanoz osatuta dago, eta noizbehinka Artikoko sahatsez. Euri gutxi egiten du, eta neguan tenperatura -32 °C-ra irits daiteke; uda motza izaten da eta batez besteko tenperatura ez da 10 °C-tik gorakoa izaten. Permafrost izeneko tundrako lurra izoztuta dago beti, eta udan gaineko azala bakarrik urtzen da. Horregatik ura ez da behar bezala iragazten eta landareen sustraiak lurrazaletik zabaltzen dira ura lortzearren. Landaredi geruza, beraz, ez da jarraitua eta maldak dauden lekuetan lubiziak gertatzen dira. Tundrako lurretan ugariak dira intsektuak, batez ere eltxoak eta euli beltzak. Ugaztun handien artean, berriz, hartz zuria, Artikoko azeri, otso, erbi eta erbinudea, oreina eta karibua dira nagusi.