tumore
iz. Med. Gorputz ehun baten hantura. || Minbizia, neoplasia; ehun bateko zelulen hazkunde kontrolik gabea. ik. minbizi, neoplasia. v Histologia ezaugarrien arabera, bi multzo nagusitan banatzen dira: arinak eta gaiztoak. Tumore arinak ez du, gehienetan, metastasirik sortzen, muga zehatzak ditu, eta haren zelulek jatorrizko ehunekoen antza dute. Kenduz gero, ez da berriz sortzen. Tumore gaiztoak, berriz, ez du muga zehatzik, metastasiak eragin ohi ditu (zenbaitetan oso urrutiko ehunetan ere bai), eta haren zelulak guztiz bitxiak izan ohi dira, jatorrizko ehunekoekiko oso ezberdinak. Kenduz gero, berriz ere sortzeko joera handia du. Tumorearen egiturari dagokionez, 4 multzo nagusi daude: epitelio ehunetik sortuak (arinak: kondilomak, papilomak, adenomak. Gaiztoak: epiteliomak, adenokartzinomak); ehun konektibotik sortuak (arinak: fibromak, lipomak, miomak, mixomak, kondromak, angiomak. Gaiztoak: fibrosarkomak, liposarkomak, miosarkomak, mixosarkomak, kondrosarkomak, angiosarkomak, linfosarkomak, leuzemiak); pigmentu ehunetik sortuak (arinak: larruazaleko pigmentu zelulen hainbat jaiotzatiko akats. Gaiztoak: melanomak); kirio ehunetik sortuak (gliomak: histologiaren ikuspegitik arinak badira ere, burezurraren barruan sortzen direnez, larriak dira); tumore disenbrioplasikoak (umekiarengan ageri direnak).