tuia
iz Bot. Kupresazeoen familiako zenbait zuhaitz zuzen adartsuren izena. Kupresazeo gehienek bezala adabururik ez dute, eta oin-oinetik puntaraino dituzte adarrak. Gezi edo lantza punta baten itxura izan dezakete. Hostoak ezkata itxurako biribilak eta itxiak dituzte, kolorez berde ilunak. Pinaburuak ezpal gutxikoak dituzte, pinaburuarena baino arrosaren antz handiagoa dute, gogorrean izan ezik. Sustraietako zura begi eta adakaitz askokoa izaten dute, oso egokia altzari txikiak egiteko. Marokon eta Tunisian kutxa txikiak egiteko erabiltzen dira. v Sortaldeko tuia (Thuja edo Biota orientalis). Enbor zuzen adartsua, lantza itxurako adajea eta azal mehe gorrixka dituena. 15 m inguru luze egin daiteke. Txinan eta Korean hazten da batez ere. v Tuia handia (Thuja plicata). Gaztetan kono egiturako adajea duena eta luzatzean, enborraren erdiz beherako adarrak galtzen dituena. 60 m luze egin daiteke. Azala kanela kolorekoa izaten du. Alaskan, Oregonen eta Washingtongo estatuan hazten da batez ere.