Tudor familia
1485. urtetik 1603. urtea arte Ingalaterran erreinatu zuen familia. Estuardo familiaren aurrekoa eta York-eko etxearen ondorengoa izan zen. Jatorriz Galeskoa zen. Familia honetako kide batzuk Ingalaterrako erregeen zerbitzuan egon ziren, eta kide horietako bat, Owen ap Meredydd edo Owen Tudor (1461. urtean hila) Henrike VI.aren gorteko ezkutaria izan zen. Haren ausardiak Katalina Valoiskoaren arreta piztu zuen, eta badirudi harekin ezkondu zela ixilean. Henrike VI.aren erregeordea zen Gloucesterko dukeak Owen kartzelan sartzeko agindua eman zuen, baina honek ihes egitea lortu zuen eta bere jaioterrian bilatu zuen babesa. Henrike VI.a adin nagusira iritsi zenean Owen-en alde atera zen, eta honek Bi Arrosen Gerran parte hartu zuen Lancastertarrekin batera. Owen-en seme zaharrena Edmond Hadham-goa Richmond-eko konde izendatu zuten 1453. urtean. 1455. urtean Margarita Beaufortkoarekin ezkondu zen. Haien seme bakarra, Henrike Richmondekoa (1475-1509) Lancaster familiaren ondorengo bihurtu zen bere ama Margarita hil ondoren. 1485. urtean lortu zuen garaipenaren ondoren (Bosworthko gudua), errege bihurtu zen Henrike VII.a izenez (1485-1509) eta Tudor dinastia sortu zuen. Henrike VIII.a haren semeak (1509-1547) eta Eduardo VI.a (1547-1553), Maria I.a Tudor (1553-1558) eta Elisabet I.a (1558-1603) haren bilobek Ingalaterran erreinatu zuten.