Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Trinidad eta Tobago

(Izen ofiziala, Trinidad eta Tobagoko Errepublika; Ing. Republic of Trinidad and Tobago). Antilla Txikietako bi uhartek osatutako estatua, Karibe ekialdean, Venezuelako ipar–ekialdeko kostaren parean. 5.123 km2. 1.047.366 biztanle (2008, trinitatarrak). Hiriburua: Port of Spain (49.031 biztanle, 2000). Hizkuntza ofiziala: ingleesa. Etniak: beltzak, % 40,8; Indiako indiarrak, % 40,7; mestizoak, % 16,3; zuriak, % 0,9; txinatarrak, % 0,5; bestelakoak, % 0,8. Erlijioa: katolikoa (% 32,2), protestantea (% 27,6), hindua (% 24,3), musulmana (% 5,9). Dirua: Trinidad eta Tobagoko dolarra.  v  Geografia eta klima. Trinidad uhartea hiru mendikatek zeharkatzen dute. Iparraldekoak uhartea mendebaletik ekialdera zeharkatzen du, eta han dago estatuko mendirik garaiena (Aripo, 940 m). Gainera, Tobago uharteko mendikate nagusia Iparraldekoaren mendikatearen luzapena da. Erdiko mendikateak hego–mendebaletik ipar–ekialdera zeharkatzen du uhartea, eta gehienera 300 m inguruko garaiera du. Hegoaldeko mendikatea hegoaldeko kostaldearen parez pare dago, eta gehienera 150 metroko garaiera du. Trinidaden ibai asko dago, luzeenak Ortoire (50 km) eta Caroni (40 km). Behealdean padurak dira nagusi, eta goi aldeetan, berriz, baso tropikalak. Trinidad eta Tobagoko klima tropikala da, hezetasun handikoa. Hilabeterik lehorrenak, eta aldi berean freskoenak, urtarrila eta otsaila dira (urtarrileko tenperatura 24 °C batez–beste). Apirila, maiatza eta urria dira urteko hilerik beroenak (27 °C batez–beste). Urtean 1.800 mm euri egiten du batez–beste. Lurraldearen laurdena erabiltzen da nekazaritzarako. v Biztanleak. Arawak eta karibe indiarrak bizi izan ziren uharteetan kolonizazioaren aurretik. Gero espainiarrak, frantsesak, inglesak, Indiako indiarrak, afrikarrak eta txinatarrak joan ziren, eta haiekin batera bakoitzak bere hizkuntza, kultura eta erlijioa ekarri zuten. Hizkuntza ofiziala inglesa bada ere, frantsesa, gaztelania eta bertako hizkuntzak ere erabiltzen dira. Espainiarren kolonizazioaren ondorioz erlijio katolikoa nagusitu zen uharteetan. Britainiarrek protestantismoa ekarri zuten, eta Indiako indiarrek, berriz, islamismoa eta hinduismoa. v Ekonomia. Uharteetako ekonomiaren oinarria petrolioa eta haren inguruko industria da. Horrez gainera gas naturala eta asfalto, ikatz, kare–harri, gatz, burdin, igeltso eta fluor espato hobiak daude. Nekazaritzak ez du garrantzi handirik uharteen ekonomiaren barruan, baina azukrea, kakaoa eta kafea esportatzen dira. Turismoak eta industria arinak hazkunde nabaria izan dute. v Gobernua eta gizartea. Trinidad eta Tobagoko Legebiltzarra 36 kidek osatzen dute; bost urteoro aukeratzen dira bozketa bidez. Senatua 31 kidek osatzen dute eta lehendakariak aukeratzen ditu lehen ministroaren laguntzaz. Osasun egoera eta zerbitzuak onak dira. Bizi itxaropena 68 urtekoa da gizonezkoentzat eta 73 urtekoa emakumezkoentzat. Irakaskuntza dohain da lehen eta bigarren mailako ikasketetan eta nahitaezkoa 6–12 urte bitartean. v Historia. 1498. urtean Kristobal Kolon Trinidadera iritsi zenean Arawak indiarrak bizi ziren han, eta Tobagon, berriz, Karibe indiarrak. Espainiarren mende egon ondoren, 1797. urtean Trinidad britainiarrek hartu zuten, eta Afrikatik esklabo beltzak eraman zituzten tabako sailetan lan egiteko. Tobago, berriz, frantsesen esku egon zen 1781. urtetik aurrera, eta britainiarrek erosi zuten 1802an. 1899. urtetik aurrera bi uharteak batera administratu ziren. 1830. urtean esklabotasuna legez kanpo utzi zenez, Indiatik langile asko etorri zen sailetan lan egitera. 1962. urtean koloniak burujabetasuna lortu zuen. 1975. urtean petroleo hobiak aurkitu ziren uharteetan, eta ondorioz bizi maila asko igo zen. Hala ere, 1980. urteko krisiarekin batera, Trinidad eta Tobagoko ekonomiak okerragora egin zuen. 2001. urteko hauteskundeez geroztik, Patrick Manning da lehen ministroa eta George Maxwell Richards, berriz, lehendakaria.
http://www.gov.tt/