triglido
izond. Zool. Eskorpeniformeen ordenako izen bereko familiako arrainez esaten da. 40-70 cm luze izaten dira. Gorputza azpi-zapala eta sabelalde estukoa dute, ezkataz nahiz hezurrezko xaflaz estalia. Buru-muturrak ere zapalak dituzte, eta mota batzuek burugainean, begien parean, adar itxurako bi gingil dituzte. Kolorez grisaxkak edo gorrixkak izan daitezke. Ozeano Atlantikoan eta Mediterraneo Itsasoan bizi dira. Triglido motarik ezagunenak perloiak edo arraingorriak dira.