Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Trento

Italiako iparraldeko hiria, Trentino-Alto-Adige lurraldeko eta izen bereko probintziako (6.218 km2 eta 446.491 biztanle) hiriburua, Bolzanoko hiriaren hego-mendebalean, Adige ibaiaren ertzean, mendiek inguratua. 101.416 biztanle. Merkataritza, turismoa eta industria (janari industria, ehungintza, zurgintza, makineria) dira ekonomia jarduera nagusiak. Monumentu ugari ditu. Aipagarriak dira Teodorikoren garaiko harresiak, XIII. mendeko katedral erromaniko-lonbardiarra, Santa Maria Nagusiaren eliza, Buonconsiglioko gaztelua eta Pretorearen jauregia. v Historia. Tridentum hiri zaharrari dagokio; K.a. 222. urtean egin zen erromatarra. XI. mendean hiri aske eta inperiala bihurtu zen, Trentoko printze-apezpikuek gobernatzen zutela. Bavariaren mende zegoen 1805ean eta 1809-1814 urteetan Alto-Adigeko hiriburua izan zen. 1918. urtean Italiako hiri bihurtu zen. v Trentoko kontzilioa. Eliza Katolikoaren XIX. kontzilio ekumenikoa, Kontrarreformaren doktrinaren adierazpen nagusia izan zena. Paulo III.a aita santuak deitu zuen Karlos V.aren eskariz, erreforma protestantearen aurrerapenei aurka egitearren. Kontzilioa hiru alditan bildu zen: 1545-1549, 1551-1552 (Julio III.ak deitua), 1562-1563 (Pio V.arekin). Dotrina katolikoaren oinarrizko puntu guztiak aztertu eta zehaztu zituen: Biblia, sakramentuak, hezkuntza, meza santua, apaizgoa, erlikiak, eliz jaiak, etab. Kontzilioaren ondorioz, halaber, erakunde eklesiastiko gehienak berriztatu ziren.