Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Trentino-Alto-Adige

Italiako iparraldeko lurralde autonomoa, Trentoko eta Bolzanoko probintziek osatua, Alto Adigeko eskualdea, Dolomitako atal bat eta Tiroleko hegoaldea hartzen dituena. Mugak: iparraldean, Austria; mendebalean, Suitza eta Valtelina; ekialdean, Friuli eta Venezia; hego-mendebalean, Lonbardia. 13.618 km2 eta 886.679 biztanle. Hiriburua, Trento. Hiri nagusiak: Bolzano, Merano. Alemana dute hizkuntza nagusia Bolzanoko biztanleek, eta italiera Trentokoek. v Orografia. Oso lurralde menditsua da: Dolomitak ekialdean, Trentoko Alpeak eta Tirol hegoaldekoak iparraldean (1.508 m) eta Ortler (3.899 m) eta Adamello (3.554 m) mendiak mendebalean. Adige ibaia eta haranaren ardatza zabaltzen dira mendialdeon artean. Hidrografiari dagokionez, ibai eta aintzira ugari daude. Adige eta honen adarrak (Isarco, Avisio, Noce, Saco, Rienza) dira ibai nagusiak, eta Garde, Sarca, Idro eta Chiese aintzira garrantzitsuenak. v Ekonomia. Basogintza, abere hazkuntza (behi azienda) eta turismoa (negu kirolak) dira mendialdeko ekonomia jarduera nagusiak. Adige ibaiaren eta honen adarren haranetan, berriz, laborantza (fruitu arbolak, mahastiak, tabakoa, bazkarako landareak, garia, garagarra) eta elektrizitatearen ekoizpena dira jarduera nagusiak. Industria (metalurgia, tresneria elektrikoa eta mekanikoa, ehungintza, janari industria, kimika industria, tabakogintza) hiri garrantzitsuenetan (Trento, Bolzano, Merano) dago garatua. v Historia. Austriarra izan zen Lehen Mundu Gerra amaitu zen arte. 1919. urtean Italiaren mende zegoen, baina alemaniar hiztunen eta italieraz mintzo zirenen artean istiluak sortu ziren. 1946. urtean hitzarmen baten bidez bermatu zen bi kulturen askatasuna. Tirol hegoaldeko biztanleek, ordea, autonomia defenditzen dute.