Treku Eugi, Rafael
Gipuzkoar zinemagile eta ekoizlea (Donostia, 1932 - Donostia, 2000). Aranzadi Zientzia Elkartearen aginduz zuzendu zituen bere lehen film laburrak, 1961 eta 1963. urteen artean: El espinoso, Anillamiento de aves, Natrix eta La charca. Bakarkako lanean jarraitu zuen 1968. urtea arte, epe horretan hamalau bat film labur ekoiztuz eta zuzenduz. 1969an Ornix Films ekoiztetxea sortu zuen Francisco Bernabérekin lankidetzan, eta izadiari eskainitako film laburra eta dokumental ugari ekoitzi zituzten orduz geroztik, gehienak mendiari eta itsasoari lotuak. Sari garrantzitsuak ere eskuratu zituen bere lanekin, eta horietako hainbat kanpoko telebistetan erakutsi ziren. Ornix Films ekoiztetxearen lanen artean aipagarria da, besteak beste, Mar Adentro film luzea. Besteak beste, Euskadiko Filmategiko, Donostiako Nazioarteko Zinemaldiko eta Donostiako Aquariumeko zuzendaritza batzordeetako kide, Andoaingo Zine eta Bideo Eskolako irakasle eta Euskal Ekoizle Independenteen Elkartearen buru izan zen Rafa Treku.