Tremblay, Michel
Kanadar idazlea (Montréal, 1942). Québeceko idazle garrantzitsuenetako bat. Literatura klasikoko ikasketak egiten hasi zen, baina bukatu gabe utzi zituen, linotipia batean lanean hasteko. Bere lanetan, pertsonaiak ingurune jakin batean kokatzen ditu beti: bera jaio zen auzoan eta kalean. Eleberrietan eta antzerki lanetan Québeceko mikrokosmosa azaldu du, bera hazitako hiri eta familia giroaren gordintasun osoarekin. Antzerkigile gisa, 1960an egin zuen debuta, Le train (Trena) obrarekin. Obra hark Québeceko Idazle Gazteen saria irabazi zuen. Belles-Soeurs (1968, Ezkon ahizpak) obran –bere lanik onena, beharbada– joual hizkera erabili zuen, frantsesa eta ingelesa nahasten dituen hizkuntza mota. Ordu arte joul-a ez zen inoiz erabili antzerkian, baina harrezkero Québeceko kulturaren ezaugarri nagusitzat erabiltzen hasi zen. Gainera, Belles-Soeurs garrantzi handikoa da lotsarik gabe erakutsi zuelako errealitate sozialaren miseria, estalia ordu arte. Bere dramak, beraz, errealismo sozialaren barruan sar daitezke, eta kanadar frankofonoen bizitza arakatzen dute. 1973an obra horren ingelesezko bertsioa estreinatu zen Toronton, txalo handien artean. Obra hain arrakastatsua gertatu zenez, beste bederatzi pieza idatzi zituen, Ezkon ahizpen zikloa deitu zuenaren barruan. Lanik aipagarrienak: A toi, pour toujours, ta Marie-Lou (1971, Zurea betiko, zure Marie-Lou); L'impromptu d'Outremont (1980, Kanadako burgesiaren azterketa); Albertine en cinq temps (Albertine bost alditan); Le vrai Monde? (Benetako mundua?). Bestalde, antzerki lanak idazteaz gainera, Michel Tremblayk antzerkigile handien lanak egokitu ditu: hasi Aristofanestik eta Tennesse Williamseraino. Eleberrigile gisa Chroniques du Plateau Mont Royal trilogia (1978-1982, Mont Royal ordokiko kronikak) du lanik aipagarriena.
- trefla
- tregoa
- Treku Eugi, Rafael
- Treku, Mattin
- trematodo
- Tremblay, Michel
- tremelal
- trementina
- tremes
- tremolo
- tren