Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Trajano, Marko Ulpio

(Lat. Marcus Ulpius Trajanus) Erromatar enperadorea 98-117 urteetan (Italica, Iberiar Penintsula, 53 - Selinus, Silizia, 117). Familia noble bateko semea zen eta ikasketa militarrak egin zituen aitarekin, Vespasiano enperadorearen garaian Siria eta Asiako gobernari baitzen. Ospe handia lortu zuen Germanian borrokatu ondoren, eta 91. urtean kontsul egin zuen Domizianok. Nerva enperadoreak semetzat hartu zuen eta 98. urtean, hura hil zenean, haren lekua hartu zuen Trajanok. Agintaldiaren hasieratik erresuma berrantolatzeko lanetan murgildu zen, aurretikoek ekonomia maila kaskarrean utzi baitzuten. Horretarako senatuaz baliatu zen, eta senatariek optimus princeps titulua eman zioten. Administrazioko gastuak eta zergak murriztu zituen, merkataritza eta nekazaritza bultzatu eta, batez ere, munta handiko herri lanak abiarazi zituen Italian eta probintzietan. Hala eta guztiz ere, erresuma handitzeko egin zituen konkistengatik egin zen ospetsu. Inperioko gudarostea sendotu eta Germaniako mugak zehaztu ondoren, daziarrak garaitu zituen, eta 106. urtean Daziako probintzia sortu zuen (egungo Errumania), Danubio ibaiaren haranetako lurraldeak bezala, kolonoez bete zuena. Inperioko mendebala sendotu ondoren ekialdera jarri zen begira eta 110. urtean Partiako erresumaren aurkako gerra hasi zuen. Arabia Patraea-ko probintzia sortu, Armenia eta Mesopotamia anexionatu eta Partiako hiri nagusiak konkistatu zituen. Persiako golkoraino iritsi zen, baina ekialdeko juduen matxinadak eta enperadorearen osasun ahulak Erromara itzultzeko erabakia hartzera behartu zuten, eta bere iloba Hadrianoren esku utzi zuen gudarostearen gaineko aginpidea. 117. urtean Italiara itzultzen ari zela hil zen, eta Hadrianok bete zuen haren lekua. Trajanoren agintaldian hedadura gorena lortu zuen Erromako Inperioak.