totonaka
iz. eta izond. Mexikoko golkoaren inguruan, gaur egun Veracruz den lurraldean, bizi izan zen leinu indiar bateko kideez esaten da. Totonaken aztarna ugarien arabera bi gune nagusi izan zituztela esan daiteke, El Tajin (iparraldean) eta Cempoala (hegoaldean); nahiko kultura aurreratua zuten, bi gune nagusi horietan bizi ziren taldeen artean kultura desberdintasunak bazituzten ere, orokorrean Mexiko erdialdeko beste leinuen antzeko ezaugarriak zituena. Maia-zoke hizkuntza erabiltzen zuten eta nekazaritza zen haien ekonomia jarduera nagusia. Jainko nagusiak Euriarena eta Urarena zituzten; erritu aberatsak eta giza sakrifizioak egiten zituzten, haurrenak, besteren artean. Antolaketa politikoari dagokionez, K.o. V. mende inguruan Mexikoko golkoaren inguruan kokatu zirenean jaurerri burujabe txikietan banatua zen lurraldea, baina beste zenbait leinurekin harremanak izan zituzten, babes eta salerosketa harremanak, bereziki. 1500 inguruan azteken mendean geratu ziren eta espainiarrak Mexikora iritsi zirenean haien mende jarri ziren hala azteken kontra borrokatzeko aukera izango zutelakoan.