Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Toulon

Frantziako hego-ekialdeko prefetura hiria eta portua, Var-eko departamenduaren hegoaldean (Provence-Alpes-Côte-d’Azur), Mediterraneo Itsasoaren ertzean, izen bereko badiaren ondoan. 185.050 biztanle. Frantziako itsas-armadaren base garrantzitsuenetakoa da, Brest-ekoarekin batera. Industria (ontziolak, kimika industria, altzarigintza, tresneria elektrikoa eta mekanikoa) da ekonomia jarduera nagusia. Bigarren Mundu Gerrak kalte handiak eragin zizkion hiriari eta neurri handi batean berreraiki behar izan zuten. Gorde diren monumentuen artean aipagarriak dira jatorriz katedrala izan zen Santa Maria Nagusiaren eliza erromanikoa (XIII-XVI. m.) eta XVI. mendeko Mitra dorretxe handia. v Historia. 1481. urtean Proventzak eta Frantziak bat egin zutenean 250 etxeez osaturiko herri txiki bat besterik ez zen Toulon. 1690. urtean Vauban-ek hiriko portua berritu eta gotortu zuen. 1793. urtean udal biltzar iraultzaileak ingelesei dei egin zien frantses gerra ontziak indargabe zitzaten. Bonapartek, ordea, garaitu zituen ingelesak eta Port-de-la-Montagne izena eman zion hiriari. Lehen Mundu Gerraren garaian indar aliatuen base nagusia izan zen Mediterraneo Itsasoan. Bigarren Mundu Gerran, berriz, defentsarako azpiegiturarik gabe geratu zen alemaniarren airetiko bonbardaketen ondorioz.