Tonga
(Izen ofiziala, Tongako Erresuma; tongeraz, Puleanga Fakatui edo Tonga; Ing. Kingdom of Tonga). Ozeano Bareko hego-mendebaldeko uhartedia eta estatua, 170 uharte txikiz osatua, Fiji uharteetatik ekialdera eta Zeelanda Berritik ipar-mendebaldera. 779,5 km2 eta 119.009 biztanle (2008, tongatarrak). Mugak: iparraldean, Samoa; ekialdean, Zeelanda Berria; mendebaldean, Fiji. Hiriburua: Nukualofa (21.400 biztanle), Tongatapu uhartean. Hiri nagusiak: Neiafu, Haveluloto. Hizkuntza ofizialak: tongera eta ingelesa. Etniak: tongatarrak, % 95,5; besteak, % 4,5. Erlijioa: metodistak, % 43; katolikoak, % 16; mormoiak, % 12,1; Tongako eliza askea, % 11; Tongako eliza, % 7,3; bestelakoak, % 10,6. Dirua: pa'anga. v Orografia, klima eta landaredia. Tongako uhartedia 169 uharte nagusiz eta iparralde eta hegoalde urrunean dauden beste uharte txikiago batzuez osatua da. Uharte horietatik guztietatik 36 uhartetan bakarrik bizi da jendea. Uharte nagusiak, iparraldetik hegoaldera, 805 km inguruko bi ilara paralelotan eta hiru multzotan banatuak daude: iparraldeko Vavau, erdialdeko Haapai eta hegoaldeko Tongatapu. Hiriburua Tongako uharterik handienean dago, 256 km2 dituen Tongatapun, hain zuzen ere. Ekialdeko lerrokoak koral eta kare-harrizko uharte lauak dira, eta mendebalekoak, menditsuagoak (Kao mendia, 1.033 m), sumendi jatorrikoak, eta oso lur emankorrekoak. Uharte askok koralezko itsas-hautsiak dituzte inguruan. Mendebaleko uharteetatik lauk sumendi piztuak dituzte. Klima samurra eta euritsua du Tongak. Urteko batez besteko tenperatura 23 °C ingurukoa da hegoaldean eta 27 °C-koa iparraldean. Toki batzuetan, 1.600 mm euri izaten dira urtean. Abendua eta apirila bitartean, batzuetan, haize-erauntsiak izaten dira, iparraldeko uharteetan, batez ere. Landaredia oso ugaria da. Lurra oso emankorra denez, lehen ezezagunak ziren fruitu tropikal asko lantzen dira gaur egun. v Biztanleak. Hiru uharte sail nagusik osatzen dute Tonga: Tongatapu (hegoaldean) eta Ha'pai (erdialdean), koralezko uharteak, eta Vava'u (iparraldean), sumendi uharteak. Guztira 170 uharte inguru dira, baina horietako 36tan bakarrik bizi da jendea. Tongatapu uhartea da uharterik handiena eta emankorrena, eta han bizi da herrialdeko biztanleen % 70 inguru. Uharteetako biztanle gehienak polinesiarrak dira jatorriz. Tongarren hizkuntza tongaera da, australiar jatorrizko hizkuntza, baina hartaz gainera ingelesa ere ofiziala da. v Ekonomia. Tongako ekonomiaren oinarria nekazaritza da; nekazaritzak hartzen du barne produktu gordinaren % 32. Kokoa, banana eta bainila dira gai nagusiak, eta esportazio guztien bi heren hartzen ditu nekazaritzako gaien esportazioak. Nekazaritzako gaiez gainera, arrantzatik ateratakoa ere garrantzi handiko elikagaia da, baina zenbait elikagai inportatu behar izaten ditu, Zeelanda Berritik nagusiki. Industria oso urria da, barne produktu gordinaren % 10 bakarrik betetzen du; elikagai industria, eskulanak, altzariak. Turismoak garrantzi handia du, eta bera da kanpoko diru sarrera nagusia; turismoak hartzen du barne produktu gordinaren % 58 inguru. Dena dela, Tongako ekonomia kanpoko laguntzen mende dago erabat, eta arazo larria du merkataritzako defizitari eta langabeziari aurre egitea. Gobernua inbertsioak areagotzeko eta alor pribatua suspertzeko ahaleginak egiten ari da. 16 urtetik gorako gizonezko orori lur sail bat dagokionez, biztanle hazkundearen eraginez gero eta lur gutxiago eskuratzen dute bertako biztanleek, eta horren eta langabezia tasa handiaren eraginez, jende asko ari da emigratzen. Tarteka zikloiek eta sumendi erupzioek erasotzen dute; 1993ko zikloiaren ondoren, esaterako, uzta hondatu zen eta herrialdeko olio lantegi bakarra itxi egin behar izan zen; horren ondorioz Tongak onartu egin behar izan zuen Estatu Batuetako hondakin pozoitsuak isurtzea bertako uretan, diru laguntzen truke. v Gobernua eta administrazioa. Tongako Erresuma monarkia konstituzionala da, eta errege titulua herentziaz jasotzen da. Erregea da estatuburua eta gobernuburua, eta kontseilu pribatu baten laguntzarekin agintzen du. Kontseilu horretako kideak dira Lehen ministroa eta beste zortzi ministro (erregeak izendatuak eta hil arteko kargudunak). Aginpide legegilea ganbera bakarraz osaturiko legebiltzarraren esku dago; legebiltzarra osatzen duten kideak erregea, kontseilu pribatuko ministroak, herritarren ordezkariak eta nobleak dira. v Historia. Gizona orain dela 3.000 urte uharteetan bizi zela frogatzen duten aztarnak aurkitu dira. XIII. mendean, Tongako erreinuak Hawaiiko uharteak ere mendean zituen. XVII. mendetik aurrera iritsi ziren lehen europar itsasgizonak: J. Le Maire (1616) eta A. J. Tasman (1643) holandarrak, eta geroago, James Cook ingelesa (1773 eta 1777). Azken honek uharteekiko harremanak sendotu zituen. XVIII. mendearen hasieran iritsi ziren lehen misiolariak, eta Tongako erregea, Tupou I.a, metodismoaren jarraitzaile egin zen. Erregeak uharte guztietara zabaldu zuen bere aginpidea. 1862an, legedi bat egin zuen, eta 1875ean, konstituzio demokratikoa onartu zuen. XIX. mendearen bukaeran, Alemaniak, Britainia Handiak eta Estatu Batuek Tongaren burujabetasuna ezagutu zuten, baina hala ere, laguntza premiagatik, 1905az gero britainiarren babesean egon zen. 1970. urtean, Tongak burujabetasun osoa eskuratu zuen, Commonwealth erakundearen barruan. 1987ko hauteskundeetan, herritarrek legebiltzarrean dituzten ordezkariek ordezkaritza zabalagoa izan zedin zenbait berrikuntza egiten saiatu ziren, baina Tupou erregeak, kontserbadoreekin bat eginik, bertan behera utzi zituen neurri haiek. Hala ere, 1990eko hauteskundeetan erreformazaleak hautatu zituzten hautesleek. 1992an oposizioko taldeek Demokraziaren Aldeko Mugimendua osatu zuten, eta legebiltzarreko gehiengoa lortu zuten 1993ko hauteskundeetan; 1994an Tongako Alderdi Demokratikoa izena hartu zuen alderdi hark. 1996ko legebiltzarrerako hauteskundeetan Herriaren Alderdiak irabazi zituen sei ordezkariak. Erregeak alderdi politikoak onartuko zituela eta erreformak egingo zituela agintzen jarraitu zuen, baina erregimenaren jarduera ezer gutxi aldatu da harrezkero, eta 1997an, esaterako, liberalizazio politikoa eskatzen zuten zenbait buruzagi eta kazetari atxilotu zituzten. 1991. urtean Vaea baroiak hartu zuen Lehen Ministroaren kargua; erregea, berriz, Taufaahau Tupou IV.a izan zen, 1965az gero, baina 2007an hil zen, eta, 2008an, haren seme George Topou V izendatu zuten errege. Urte eta erdi atzeratu zen errege berria koroatzeko ekitaldia, 2006aren bukaeran istilu latzak izan baitziren hiriburuan demokraziaren aldekoek bultzatutako protestetan: 8 lagun hil ziren eta hainbat eraikin sutan kiskali ziren. Estatu feudal honetan gero eta handiagoa da demokrazia ezartzeko eskaria, eta, hala, gobernuak erreforma prozesu bat iragarri du 2010. urtean hauteskundeak egin ahal izan daitezen, eta 133 urtez iraun duen sistema politikoa behingoz alda dadin.
http://www.pmo.gov.to/