Tirreniar itsasoa
Mediterraneo itsasoko mendebaleko partea, Italiako penintsularen (ipar-ekialdean), Korsika eta Sardiniako uharteen (mendebalean) eta Siziliaren (hegoaldean) artean. Kostaldeen ondoko itsas ordokia estua da eta 4.600 m-ra iristen da sakonera handiena (Mediterraneoko mendebaleko handiena). Itsasoaren hondoa menditsua da, sumendiek eragina, eta batzuk piztuak daude gaur egun. Itsasoaren iparraldean, Tirreniar eta Ligur itsasoen artean, Toscanako uharteak daude (Korsikaren eta kontinentearen artean); hego-ekialdean Mesinako itsasartea dago, Siziliaren eta kontinentearen artean, eta Tirreniar itsasoa eta Itsaso Jonikoa lotzen ditu; hego-mendebalean, Sardiniako itsasarteak Sardinia eta Sizilia bereizten ditu eta Korsikaren eta Sardiniaren artean Bonifazio itsasartea dago. Aipaturikoez gainera, Poncianas, Ischia, Capri, Lipari eta Ustica dira Tirreniar itsasoko uharte garrantzizkoenak. Tirreniar itsasoko portu nagusiak Civitavecchia eta Napoli dira penintsulan, eta Palermo, berriz, Siziliako uhartean.