Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Tirol

Europako erdialdeko lurraldea, Alpe mendietan, Austriako eta Italiako estatuen artean banatua. Austriako mendebaleko Tirolgo land edo herrialdea eta Italiako iparraldeko Bolzanoko edo Alto Adigeko herrialdea (Trentino-Alto Adige) hartzen ditu. 20.047 km2 eta 1.062.231 biztanle ditu. Hiri nagusiak: Innsbruck, Bolzano. v Historia. Rhetiar herri zeltak bizi ziren Tirolgo haranetan, Druso eta Tiberio jeneral erromatarrek lur haiek konkistatu zituztenean (K.a. 15). Erromako herrialde bihurtu zen Rhetia eta latin hizkuntza ere zabaldu zen bertara. VI. mendean bavariar germaniarrak iritsi ziren Tirola, eta alemana hasi zen latin hizkuntzen lekua hartzen. XI. mendean, Germaniako erregeek Trentoko eta Brixengo (Italieraz Bressanone) apezpikuen agindupean utzi zituzten tiroldarrak, eta haientzat lanean jardun zuen Tirolgo etxea indartu zen arian-arian hurrengo mendeetan. 1248an lurralde handiak hartu zizkion Tirolgo kondeak Brixen-go apezpikuari eta 1271n guztiz murriztu zen elizaren aginpide politikoa Tirolgo lurralde askotan. 1363an Habsburgoko etxearen eskuetara igaro ziren lur guztiak. San Gotardoko pasabidea zabaldu ondoren (XIII. m.) bigarren mailan geratu ziren Tirolgo mendibideak, eta hurrengo mendeetan tiroldarrek kanpo harremanetarako aukera gutxi izan zuten. Hala ere, garrantzi handia izan zuten hango meatzeek (gatza, zilarra, kobrea), eta aberastasun handiak ekarri zizkien armagintzak. Erlijio erreformaren garaian, Habsburgoko etxe katolikoaren aurka jo zuten burujabetza nahi zuten tiroldarrek, baina laborarien gerraren ondoren (1525), Erromako ortodoxia ezarri zuten katolikoek. 1805ean Bavariako etxeak hartu zuen lurraldea eta, hurrengo urteetan, haren aurkako herri matxinada bat izan zen, Andreas Hofer buru zuena. 1809an, Napoleonek Italiako erreinuaren barnean utzi zuen Alto Adige (Hego Tirol) eta 1810ean hil zuten Andreas Hofer. 1814an Austriako inperioaren barnean geratu ziren Tirol osoa eta Trento aldea. Trentotar italiarrak austriarren aurka borrokatu ziren ordudanik. 1919an, Lehen Mundu Gerraren ondoren, Italiako estatuaren barnean geratu ziren Hego Tirol (Bolzano-ko herrialdea), hizkuntzaz alemaniarra, eta Trentino. Hurrengo urteetan, italiar faxistek Bolzanoko industrialdea bultzatu zuten, besteak beste, italiar hizkuntza italiar etorkinen bidez errazago inposatu ahal izateko. 1939an italiar faxistek eta alemaniar naziek hitzartu zuten itunaren arabera, alemaniar herritartasuna ezagutu zitzaien 189.000 tiroldarri Hego Tirol uzten bazuten. 70.000 lagunek onartu zuten bide hura. 1946an, Bigarren Mundu Gerraren ondoren, zehaztu zen Austriaren eta Italiaren arteko muga, eta Italiaren barnean geratu zen Hego Tirol. Era berean, autonomia estatutu bat agindu zitzaien hegoaldeko tiroldarrei eta trentotarrei, Trentino-Alto Adige lurraldearen barnean (1948). 1961. urtetik aurrera, italiar estatuaren aurkako ekintza armatuak izan ziren eta 1970ean estatutu berezia eman zitzaien hegoladeko tiroldarrei. Indar handia dute gaur egun ere Bozen edo Bolzano aldeko tiroldar abertzaleek.