Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Tirol

Austriako ekialdeko Bundesland edo herrialdea, Alpe mendietan, Ipar Tirol eta Ekialdeko Tirol lurraldeek osatua. Mugak: iparraldean, Alemania (Bavaria); ekialdean, Austriako Salzburgo eta Kärnten (Karintia); mendebalean, Austriako Voralberg, eta hegoaldean Hego Tirol (Alto Adige, Italia). 12.647 km2 eta 630.358 biztanle. Hiriburua: Innsbruck. Hiri nagusiak: Kufstein, Lienz eta Solbad Hall. v Orografia eta klima. Alpe mendien erdialdean dago eta lurralde guztiz menditsua da (Wildspitze mendia da garaiena, 3.774 m). Inn ibaiak zeharkatzen ditu Ipar Tirolgo lurrak eta Drau ibaiak Ekialdeko Tirolgoak. Haran sakon ugari dago Tirolen, eta Inn eta Drau ibaienak dira luzeenak. Klima Alpeetakoa da. v Ekonomia. Biztanle gehienak Inn eta Drau ibaien haranetan bizi dira. Nekazaritza garrantzitsua da (behi azienda, esnekiak). Basogintza eta meatzeak (gatza, kobrea, magnesita). Kimika, farmazia eta elektromekanika industria (Innsbruck). Turismoa guztiz garrantzitsua da (neguko kirolak).