Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Tifon

(Gr. Typhon). Mit. Greziar mitologiako munstroa. Jainkoen eta munstroen ama Gaiak erditu zuen, Tartarorekin batu ondoren, bere semeak, Titanak eta Erraldoiak, menderatu zituen Zeusi mendeku hartzeko. Munstroen ezaugarri izugarrienez jantzi zuten greziarrek Tifon: mendi gorena baino garaiagoa zen, ezkatez estaliriko gorputz hegoduna eta ehun herensuge-buru zituen, eta su-gar izugarriak zerizkien haien begiei. Ekidna-rekin batera, Hidra buru aniztuna, Kimera hiru buruduna, Nemeako lehoia eta beste munstro batzuk izan zituen ondorengo. Olinpoko biztanleei eraso zien eta Egiptoko basamortuan babestu behar izan zuten olinpoarrak, animalia bihurtuta. Zeusek menderatu zuen azkenean, munstroak haren aurka bota zituen mendien azpian zanpatuz.