Thorn, Gaston
Luxenburgotar politikaria (1928 - 2007). Aita alemaniarrek atxilotu zuten, Bigarren Mundu Gerran nazien aurrerabidea eragozteko burdinbidea hondatzeaz akusaturik. Orduan bera eta bere ama erresistentziari laguntzen hasi ziren. 1943an, baina, preso hartu zuten. Gerra amaitu zenean, zuzenbide ikasketak egin zituen Montpellier, Lausana eta Parisko unibertsitateetan. Lanean hasi zen legelari gisa, baina berehala sartu zen politikan. 1959an Luxenburgoko Legebiltzarreko kide hautatu zuten, alderdi liberalaren ordezkari. Bederatzi urte geroago, eta 1982. urtea arte, International Liberal-eko lehendakari izan zen. Halaber, 1976-1980 bitartean, Alderdi Liberal eta Demokratikoen lehendakaritza hartu zuen Europar Batasunaren baitan. 1968ko Legegintzarako hauteskundeen ondoren, Kanpo Arazoetako eta Kanpo Merkataritzako ministro izendatu zuten. Hurrengo urtean Heziketa Fisiko eta Kiroletako ministerioaren ardura hartu zuen. 1974ko maiatzean hauteskunde orokorrak deitu ziren berriro eta liberalen eta sozialisten arteko koalizio gobernu bat sortu zen haietatik. Gaston Thonr Lehen ministro hautatu zuten, eta 1979. urtea arte izan zen kargu horretan. 1977-1980 bitartean Ekonomia ministro izan zen, eta 1979-1980 bitartean, gobernu lehendakariorde eta Justizia ministro. 1981eko urtarrilaren 1ean Europar Batzordeko lehendakari izendatu zuten. 1985ean utzi zuen kargua, Jacques Delorsen eskuetan.