Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Thailandia

(Izen ofiziala, Thailandiako Erresuma; thailandieraz, Muang Thai edo Prathet Thai). Asiako hego-ekialdeko estatua. 513.115 km2 eta 65.493.298 biztanle (2008, thailandiarrak). Mugak: iparraldean, Birmania eta Laos; ekialdean, Laos, Kanbodia eta Siamgo golkoa; hegoaldean Malaysia; mendebaldean, Birmania eta Andamango itsasoa. Hiriburua: Bangkok. Hiri nagusiak: Nakhon Ratchasima, Chiang Mai, Hat Yai, Khon Kaen eta Nakhon Sawan. Hizkuntzak: thailandiera (ofiziala), ingelesa (bigarren hizkuntza goi mailako gizartean), eta hainbat dialekto. Erlijioa: budismoa, % 95, musulmanak % 3,8, kristauak % 0,5, hinduismoa % 0,1, gainerakoak % 0,6. Etniak: thaiak, % 79,5 (% 52,6 siamdarrak eta % 26,9 laostarrak); txinatarrak, % 12,1; malaysiarrak, % 3,7; khmerrak, % 2,7; gainerakoak, % 2. Dirua, bahta.  v Klima eta landaredia. Oro har, tropikoaldeko klima du Thailandiak. Maiatzetik urria arte giro beroa eta hezea egiten du, Indiako Ozeanotik sartzen den haizearen eraginez; urritik aurrera, berriz, iparraldeko haizeak jotzen du, eta giroa hotzagoa da, iparraldean batez ere. Hala ere, klima samurra da oro har: sasoirik beroenean, 29 °C izaten dira Chiang Mai-n (iparraldea) eta 30 ° C Bangkoken; sasoirik hotzenean, 21 °C Chiang Main eta 25 °C Bangkoken. Euriari dagokionez, alde handi samarrak daude eskualde batzuetatik besteetara. Khorateko ordokia, Bangkoketik Uttaradit-a bitarteko zelaiak eta ipar-ekialdea nahiko lehorrak dira; batez beste 1.000 mm inguru euri egiten du urtean: Bangkoken, 1.400 mm; Chiang Mai-n, 980 mm. Erdialdean eta hegoaldean, berriz, euri asko egiten du: Chanthaburi-n (Kanbodiako mugaldean), 3.097 mm inguru; Phuket-en (Malaysiako penintsularen erdialdean), 2.700 mm inguru eta Songkhla-n (penintsula horren hegoaldean), 2.200 mm inguru.Thailandiako lurraldearen herena oihanez estalia da, zuhaitz erretxinadun eta zur gogorrekoez batez ere; baina hazten dira palmondoak, banbuak, ihiak eta hainbat iratze mota ere.  v  Biztanleak. Lurraldeari dagokionez, zabalduena dauden herriak thaiak (budistak % 86), mun-khmerrak, karemak eta malaysiarrak dira. Thaiak Txina hegoaldetik iritsi ziren Thailandiara XIII. mende inguruan. Malaysiarrak Malaysiako mugaldean bizi dira; karem herrikoak, Birmaniako mugalde guztian; mun-khmerrak Kanbodiako mugaldean eta thaiak, gainerako guztian. Badira, horiez gainera, txinatarrak, semang herrikoak, tibeto-birmaniarrak eta miao-yaoak ere. Txinatarrak Bangkoken eta gainerako hiri nagusietan bizi dira; semang herrikoak, Malaysiako mugaldean; tibeto-birmaniarrak eta miao-yaoak, iparraldean. Hegoaldeko lau probintzietan malaysiar musulman gutxiengo bat bizi da. Lurralde horretan malaysiera thai hizkuntza baino gehiago erabiltzen da; bestalde, talde horrek gizarteratze arazoak izan ditu, eta talde separatistak osatu dira. Talde horien ekintzez gainera, alderdi komunistaren ekintzak ere hartu behar dira kontuan, eta horrek segurtasun gabezia haztea ekarri du ondorioz. Jaiotza tasa jaisteak eta bizitza maila igotzeak biztanleriaren hazkundea jaitsarazi du (% 3,4 1960an, % 1,5 1996an). Thailandiako biztanle gehienak nekazariak dira (% 80) eta batez besteko dentsitatea 117 bizt./km2-ko da. Thailandian ez dago ia hiririk; Bangkok eta haren inguruak Asiako metropoli handienetako bat osatzen dute (10 milioi biztanle). Bangkok Handiak NPGren erdia sortzen du, eta industria ekoizpenaren hiru laurdenak. Bangkok urteko % 5 hazten ari da, eta gobernuak saio ugari egin baditu ere hazkundea planifikatzeko eta hiria arintzeko (hiri satelite berriak sortu, taldeko garraioak eta zirkulazioa hobetu, aireportu berria) emaitzak oraindik eskasak dira. ■ Ekonomia. Nekazaritzak BPGren % 40 hartzen zuen 1960an, baina % 10,6 besterik ez 1996an. Hala eta guztiz ere, biztanleen % 60 nekazaritzan aritzen da lanean. Thailandia arroz, kautxu eta mandioka esportatzaile nagusia da munduan, eta bigarrena azukreari dagokionez. Thailandia buruaskia da arroz ekoizpenean, baina ekoizpen maila Asiako txikienetakoa da hala ere. Herrixketako nekazarien irabaziak urriak dira; horregatik, lursail asko hirietako lurjabe merkatarien eskuetara igarotzen ari da, espropiazioak eta hipotekak direla bide; herri horietako gazte askok, bestalde, lurjabe horientzat lan egin behar izaten dute, haien lursailetan edo eraikuntzan, eta oso jornal eskasaren truke askotan. Nekazarien beste diru iturrietako bat, Thailandiako, Birmaniako eta Laosko mugaldean bizi direnena batez ere, opio belarra da; muga horietako opio belarrik gehiena Birmanian eta Laosen lantzen da, baina horren % 50 Bangkok-etik zabaltzen eta bideratzen da kanpora. Bananak, kokoa, anana eta artatxikia ere lantzen dira. Tabakoa eta soja ere esportatzen dira. Errepide sarea hobetzeak onura asko ekarri dizkio nekazaritzari. Abeltzaintzari dagokionez, behiak eta txerriak hazten dira gehienbat, baina ez dituzte herrialdeko bertako beharrak asetzen. Nekazaritzaren hazkundeak basoaren gutxitzea ekarri du (lurraldearen % 55 1965ean, % 26 1995ean), eta aldi berean, gehiegizko higadura eta lurraren pobretzea eragin du; hala, Thailandia zur inportatzaile bihurtu da. Pobretasun maila jaitsi bada ere, eskualde batetik bestera alde handia dago; ipar-ekialdea eta iparraldea dira lurralde pobreenak. Nekazaritzaren hazierarekin desberdintasunak handitu egin dira. Arrantza oso aurreratua dago; arrainak, soinberak eta oskoldunak dira thailandiarren proteina iturri nagusiak. Ontzidia berritzearen ondorioz, zenbait inguru gehiegi ustiatu dira. Mea ustiaketari dagokionez, eztainua da Thailandiak duen diru iturririk garrantzizkoena. Munduan eztainurik gehiena ustiatzen den lurraldeetako bat da. Horrez gainera, petrolioa, burdina, baritina, fluorita eta karea ustiatzen dira. Nekazaritzak BPGren barruan duen garrantzia txikitu ahala, hazi egin da industriarena (1960an % 20, 1996an % 40). Industria nagusiak manufakturak, eta industria elektronikoak eta elektrikoak dira. 1997ko Asiako finantza krisiak ondorio larriak izan zituen Thailandiako ekonomian; diruaren balioa erdira jaitsi zen oso denbora gutxian; burtsa hondoratu egin zen, eta horrek guztiak eragin izugarriak izan zituen Asiako beste finantza guneetan. Nazioarteko Diru Funtsak Thailandiari 17 mila milioi dolarreko laguntza ematea erabaki zuen, baina trukean banku eta zerga sistemak berritzea eta aurrekontua zorroztea agindu zion. Baina hartutako neurri ekonomikoek ez zuten lortu atzeraldiari eustea, ezta langabezia gutxitzea ere.  v Thailandiako garraiabideen bilgune nagusia Bangkok da. Burdinbide eta errepide nagusiak Bangkok Chiang Mai hiriarekin, Chiang Rai-rekin (iparraldea), Udon Thani-rekin (ipar-ekialdean), Ubon Ratchathani-rekin (hego-ekialdean), Kanbodiarekin eta Malaysiarekin lotzen dituztenak dira. Denera, 3.728 km burdinbide eta 77.609 km errepide du Thailandiak (1988). Bangkokeko eta inguruko garraioetan garrantzi handia dute, bestalde, Chao Phraya ibaiaren deltako ibaiek eta ubideek ere, ontziz ibil baitaiteke horietan. Portu nagusia Kholong Toei-koa (hiriburutik hurbil) da. Nazioarteko aireportua dago, Bangkok-en; Asiako hego-ekialdean daudenetan sartu-irten gehiena duenetakoa da. Badira beste zenbait aireportu ere lurralde barneko hegaldietarako. Gainerako hirietako garraiabideak nahiko onak dira, baina ez leku menditsuetakoak eta urrutietakoak. v Gobernua eta gizartea. Thailandia monarkia konstituzionala da, baina gudarosteak aginpidean esku handia duena. Lehen ministroaren eskuetan dago aginpide eragilea, eta gudarosteak izendatzen du. Legegintzako aginpidea bi ganbaratan banatua da: 301 diputadu dira batean, boto bidez hautatuak, eta 225 senatari bestean, (% 85 gudarostekoak), gobernuak izendatuak. v Thailandiako egoera eta bizimoduak aurrerabidean dauden lurraldeetakoen erakoak dira. 1986 ezkero hirietan bizi den zenbait sektoreren bizimodua zerbait hobetu den arren, herri eta herrixketako jendea behar handian bizi da. Hirietan bertan ere, herrixketatik joaten diren biztanleak direla eta pobrezian bizi direnen kopurua gehiagora joan da 1980-1991 urteak bitartean. Egoera horrek gero eta ume gehiago lanean hartzea eta gazte askok prostituziora jotzea eragin du. Gaur egun, zenbait ahalegin egin da osasun egoera hobetzeko (biztanle guztiei txertoak ematea, paludismoa ia erabat desagertaraztea), baina biztanleek duten osasun babesa oso urria da (mediku bat 5.576 biztanleko eta erietxetan ohe bat 605 biztanleko, 1987an). Mediku eta erietxe gehienak hirietan daude, bestalde. Hiri eta hirialdeetan ere, inolako gizarte babesik ez duen biztanle asko da, herrietatik emigratu dutenen artean batez ere. Hezkuntzari dagokionez, nahitaezkoa da 7 urteko ikasketak egitea. 1992an biztanleen 12-17 urte bitarteko % 38 ari zen ikasketak egiten; goiko mailako ikasketak egiteko adinean zeuden biztanleetan, berriz, % 16. v Kultura. Thailandiako kultura, taia, Txinako hegoaldekoa da berez, baina azken 800 urtean hinduen, karemen, khmeren eta monen eragin handia izan du. Gaur egun ere antzinako arkitektura babesten da, tenplu eta jauregiei dagokienez batez ere. Horren adierazgarri dira Thailandian dauden milaka tenplu budista. Eraikuntza aipagarrienak Ban Chieng-eko nekropolisa, K.a. 3600. urtetik K.o. 200. urtea bitarte erabili izan zena; Sukhotai, eta inguruetako Si Satchanalai eta Kampheng Pet hiriak, tai estiloan XIII-XIV. mendeetan eraikiak; Ayuthya hiria, Thailandia Siam izenaz ezagutzen zen garaiko hiriburua eta bertako tenpluak, eta Thung-Yai-Huai-ko santutegia dira. v Historia. Gaurko Thailandiak milagarren urte inguruan du sorrera. Tai herriko talde batzuk (Syam izenekoak) Txinako hegoaldetik Vietnam, Laos, Birmania eta Thailandia aldera zabaldu ziren garai horretan. XIII. mendean, bi tai erresuma sortu ziren ipar-ekialdean, Sukhothai-koa (1220) eta Chiang Mai-koa (1296). Mende horren azkenaldera, Chiang Mai-ko erresuma Ping ibaiko ibarrean hegoaldera hedatu zen, eta mendean hartzen zituen eskualdeetako kultura, erlijioa (budismoa), agintzeko moldeak eta idazkera beretu zituen. XIV. mendearen erdialdera, tai erresuma berri bat (Ayuthya hiriburu zuena) eratu zen erdiko ordokiaren hegoaldean; kanbodiarren khmer inperioa eta Sukhothaiko erresuma beheraldian zirela baliatuz, horien lurraldeak mendean hartu zituen. Gaurko Thailandiaren lurraldea hartzen zuen erresuma horrek; hala ere, inguruko erresumen zabaldu nahia eta hiriburutik urrun zeuden eskualdeen bereizi nahia zirela bide, erabateko mugarik ez zuen izan. 1569an, birmaniarrek menderatu eta basailu bihurtu zuten Ayuthyako erresuma, baina Naruasan printzea buru zuela 1584an burujabetasuna lortu zuen berriro. XVI-XVII. mendeetan beste lurraldeekin harremanak lotzen hasi zen; hurrenez hurren, portugaldar, espainiar, holandar, eta britainiar merkatariak sartu ziren eta hiriburuaren inguruetan bizitzen jartzea ere lortu zuten, baina eragin handirik ez zuten izan Thailandiako bizitzeko eran. 1688an, 600 soldadu frantses heldu zirela eta erbestekoen kontra sortu zen joeragatik, gobernuak atzerritar guztiak kanporatu zituen. Mende t’erdian beste lurraldeekin harreman gutxi izan zuen. 1767an birmaniarrak sartu ziren, Ayuthya hiria desegin eta lurraldea mendean hartu zuten, baina urte gutxiren buruan Phya Tak jeneralak (Taksin) Thon Buri (gaurko Bangkoken ondoan) askatu eta erresumako hiriburu egin zuen, eta hura birmaniarren eskuetatik askatzeaz gainera, Laos bere egin zuen (1778). 1781ean, Phya Tak erotu zela eta, Phya Chakkri jeneralak (Rama I.a), Chakkri-en dinastia sortuko zuenak, hartu zuen aginpidea eta Bangkok Thailandiako hiriburu egin zuen. v Chakkri dinastia. Chakkri dinastia bitartean aldaketa handiak izan ziren Thailandian. Rama I.aren (1782-1809), Rama II.aren (1809-1824) eta Rama III.aren (1824-1851) erreinuetan Thailandiako aginpidea zentralizatu zen, lurralde berriak konkistatu ziren (Malaysiako penintsula eta iparraldeko zenbait eskualde), jakintza maila hobetu zen eta Txinarekiko merkataritza harremanak indartu ziren (1850. urte inguruan, Bangkok-eko 400.000 biztanleetatik erdia txinatarra zen). Rama IV.ak (1851-1868) europarrei Thailandian sartzeko bideak zabaldu zizkien; kontsul egoitzak jarri zituen, irakasleak eta teknikoak eraman zituen, baina aldi berean Kanbodia frantsesei utzi behar izan zien, eta misiolarien eraginari kontra egiteko budismoa eraberritu zuen. Rama V.a errege berritzailea izan zen; esklabotasuna eta feudalismoaren garaiko antolaketa ezereztu zituen; burdinbideak eginarazi eta ikaskuntza publikoa indarrean jarri zuen; berebat Frantziari Laos eta Ingalaterrari Malaysiako penintsularen parte bat eman behar izan zien. Rama VI.enak (1910-1925) aitak bidean jarritako berrikuntzak jarraitu zituen (Siamgo unibertsitatea sortu zuen, 1917; lehen mailako ikasketak nahitaezko jarri, 1921). Rama VII.enari (1925-1932) munduan ekonomia krisi handia zen aldian agintzea egokitu zitzaion (1929ko krisia), eta egoera bideratu ezinik 1932ko ekainean gudarosteak estatu kolpe bat jo eta monarkia konstituzio bidez agintzera behartu zuen. v Gaurko Thailandia. Gaurko Thailandiak 1932ko estatu kolpean ditu oinarriak. Urte horretatik 1992 arteko politika demokraziaren aldeko borrokek, militarren estatu kolpeek eta nolabaiteko ekonomia berritzeak markatu dute. 1938an Pibul Songgram mariskalak hartu zuen aginpidea, gudarostearen laguntzarekin. Bigarren Mundu Gerran Japoniaren alde irten zen eta horren truke Malaysiako penintsulako eta Kanbodiako zenbait lurralde eskuratu zituen. Gerra bukatzean ordea, Pridi Phanomiong aliatuen aldekoari utzi behar izan zion aginpidea. 1948an gudarosteak hartu zuen berriro aginpidea eta Pibul mariskala izendatu zuen Lehen ministro. 1958an Sarit Thanarat jeneralak Pibul aginpidetik kendu, konstituzioa ezeztatu eta bozketak galarazi zituen. 1963an, Sarit Thanarat hiltzean, Thanom Kittiachorn jenerala izan zuen ondorengo. 1962an alderdi komunistak bultzatutako gerrilla nahiko zabaldua zegoen eta Estatu Batuak sartu ziren hura zapaltzera. 1968an konstituzio berria zen, eta 1969an legebiltzarra eratu zen. 1971n gudarosteak aginpidea hartu eta legebiltzarra ezeztatu zuen. Baina gobernuak 1973 arte baino ez zuen iraun, ikasleen manifestaldiak zirela eta Rama IX.a erregeak kargua kendu baitzien militarrei. Hiru urtez, askatasun handiagoa izan zen, komunikabideentzat eta giza-elkarteentzat batez ere; baina gerrillak ere gehiagora egin zuen eta 1976an gudarostea egin zen berriro aginpidean jabe. 1992ko hauteskundeetan gudarosteko hautagaiak irten ziren garaile, baina herriak demokraziaren alde borrokan segitu zuen, eta Lehen ministro aukeratu berria zen Suchinda Krapayoon jeneralak kargua utzi behar izan zuen. Urte bereko ekainean konstituzioa berritu zen; hauteskundeak egin ziren berriro eta alderdi demokratikoek lortu zuten gehiengoa. Zibil bat, Chuan Leekpai (Alderdi Demokratako kide), jarri zen Lehen ministro. 1995eko hauteskundeetan Banharn Silpa-Archa iritsi zen aginpidera. Agintari berriak klientelismo harremanei eman zien lehentasuna, eta nekazariek manifestazio ugari egin zituzten haren politikaren kontra (1996). Hala, Legebiltzarra desegin zen berriz ere, eta 1996ko azaroko hauteskundeetan Chaovalith Yongchaiyuth jenerala bihurtu zen Lehen ministro. Ministro berriak ezin izan zuen ekonomia osatu, ezta finantza sektorea ere, eta horrek 1997ko udako diru krisi izugarria ekarri zuen. Urte horretan bertan, Chaovalith Yongchaiyuth-ek dimisioa aurkeztu zuen, eta Chuan Leekpai jarri zen haren lekuan. Egoera latza zen eta Mundu Diru Funtsak neurri gogorrak jarri zizkion. Nekazariak pobreturik zeuden prezioen jaitsieraren eta dirulaguntzen etenaren ondorioz. Manifestazio ugari egin zen Bangkoken egoera horren kontra. Zenbait ministrok dimititu egin zuten 1999. urtean zehar, espekulazioaren salaketapean. 2001eko eta 2006ko hauteskundeak Thai Rak Thai alderdiko Thaksin Shinawatrak irabazi zituen, baina, bere agintaldian, prentsa askatasuna mehatxatu izanaz, botoak erosteaz, botereaz baliatuz bere enpresei laguntzeaz eta poliziaren gehiegikeriaz salatu zuten. 2006an, hauteskundeak egin ziren berriz, baina oposizioak boikotatu egin zituen eta beste deialdi bat egin behar izan zuten. 2006ko irailean, Thaksin New Yorken zela, militar talde batek estatu kolpea jo eta amaiera eman zion hamabost urteko demokraziari. Junta militarrak konstituzioa baliogabetu, legebiltzarra eta gorte konstituzionala desegin, gerra-legea ezarri eta jarduera politiko guztiak eta alderdi politikoak debekatu eta prentsa-zentsura ezarri zuen. Militarrek erregeari leial izatea zin egin, eta behin behineko gobernu bat eratu zuten. Abuztuan, militarrek hauteskundeak egiteko baimena eman zuten. Thaksin lehendakari ohiaren aldeko batek irabazi zituen, Samak Sundaravejek. Ez zuen askorik iraun, handik gutxira kendu baitzuten kargutik, ustelkeria egotzita. Thaksinen koinatu Samak izan zen orduan lehendakaria. Haren aurkakoek usteltzat salatu zuten eta manifestazio eta protesta handiak egin zituzten haren aurka; protestak sei hilabetez iraun zuten, manifestariek Lehen Ministroaren jauregia hartu zuten; gobernuak salbuespen egoera ezarri zuen eta armada atera zuen kalera. Armadak Somchai jarri zuen agintean. 2008ko udazkenean, 30.000 manifestari ibili zen kalez kale eta hiriburuko bi aireportuak hartu zituzten. Egoeraren larria ikusirik, armadak Somchairen dimisioa eskatu zuen. Azkenean, 2008ko bukaeran, Abhisit Vejjajiva aukeratu zuen legebiltzarrak Lehen Ministro, baina haren izendapenak protesta gogorrak sortu zituen oposizio berriaren artean.
http://www.asiared.com/paises.php?id_pais=TH