termoerregulazio
iz. Biol. Animalia baten gorputzean sortzen eta galtzen den beroaren artean oreka mantentzea ahalbideratzen duten fisiologia mekanismoen multzoa. Termoerregulazioa ezinbestekoa da animalien bizitza funtzioentzat, edozein bizitza mota tenperatura muga hestu baten barruan bakarrik gara baitaiteke. Hotzari aurre egiteko, bero galera, termolisia alegia, gutxitzen duten mekanismo fisikoak (gorputza kuzkurtu, azala loditu eta azalean koipea pilatu, azalaren inguruko odol hodiak kizkurtu, izerdia gutxitu eta abar) eta bero ekoizpena, hots, termogenesia, handiagotzen duten mekanismoak (giharren, gibelaren eta guruin endokrinoen metabolismoa bizkortzea) dira animaliek erabiltzen dituzten metodoak. Beroari aurre egiteko, berriz, animaliek erabiltzen dituzten metodoak besteen parekoak dira, baina aurkako efektua lortzera bideratuak: odol hodiak zabaltzea, izerdi ekoizpena areagotzea, izerdi guruinak ez dituzten animaliengan arnasketa bizkortzea, eta abar.