termodinamiko
izond. Termodinamikari dagokiona. v Sistema termodinamikoa. Espazio mugatu erreal edo ideal batean dagoen gorputza. Sistema termodinamiko bat era desberdinetakoa izan daiteke: irekia, ingurunearekin materia eta energia trukea egiten badu; itxia, ingurunearekin energia trukea besterik egiten ez badu, eta bakartua, ingurunearekin batere trukerik egiten ez badu; azken hori ideala da, beti baita energia truke txikiren bat. Sistema termodinamiko bat aztertzeko, une zehatz batean dituen baldintza fisikoak edo parametro ezaugarriak ezagutu behar dira aurrena. Parametro horiek, gasetan, presioa, tenperatura eta bolumena izaten dira, eta horiek dira beste kasuetan ere gehien erabiliak. Sistema bat oreka termodinamikoan dagoela esateko baldintza hauek bete behar ditu: oreka mekanikoan egon (ez dago lan trukerik ingurunearekin), oreka kimikoan egon (ez dira aldatzen sistemaren masa eta osaera kimikoa), eta oreka termikoan egon (sistemaren zati guztiak tenperatura berean daude). Edozein dela ere kanpotik jasotzen duten eragina, sistema termodinamiko guztiek oreka termodinamikoa lortzeko joera dute. Orekan dagoen sistema baten parametro bat aldatzen denean, sistemak aldaketa termodinamiko bat jasaten du. Aldaketa hori itzulgarria, itzulezina, irekia edo ziklikoa izan daiteke.