Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Tanzania

(Izen ofiziala, Tanzaniako Errepublika Batua; Swahiliz, Jamhuri ya Muungano wa Tanzania; Ing., United Republic of Tanzania). Afrikako ekialdeko estatua, Tanganyikako lurraldeak, eta Zanzibar, Pemba eta beste zenbait uhartek osatua. 945.090 km2 eta 40.213.160 biztanle (2008, tanzaniarrak). Mugak: ekialdean, Indiako Ozeanoa; iparraldean, Kenya, Victoria aintzira eta Uganda; mendebaldean, Ruanda, Burundi, Tanganyika aintzira eta Zambia; hegoaldean, Malawi, Malawi edo Nyassa aintzira eta Mozambike. Hiriburua: Dodoma. Hiri nagusiak: Dar es Salaam, Mwanza, Tabora, Mbeya, Tanga. Hizkuntza ofizialak: swahilia eta ingelesa. Erlijioa: kristauak, % 34; musulmanak, % 33; bertako erlijioak, % 33. Etniak: nyamwezi eta sukuma herrietakoak, % 21,1; swahili herrikoak, % 8,8; hehe eta bena herrietakoak, % 6,9; makonde herrikoak, % 5,9; haya herrikoak, % 5,9; besteak, % 51,4. Dirua: Tanzaniako txelina. Oso herrialde pobrea eta atzeratua da. ■ Biztanleak. Jatorriari dagokionez, lauzpabost taldetan bereiz daitezke Tanzaniako biztanleak. Tanganyikako gehienak, jatorriz, bantuak dira, baina horiek ere 120 bat etniatan daude banatuta. Biztanle kopururik handieneko etnia sukuma izenekoa da (biztanleen % 12 inguru); baina ia horiek adina dira nyamwezi, hehe, haya eta makonde herrietakoak. Zanzibar uhartediko biztanle gehienak shirazi herrikoak dira. Arabiarrak, indo-pakistandarrak eta europarrak ere badira Tanzanian, eta kostaldean bizi dira gehienak. Tanzaniako biztanle gehienak herrixketan bizi dira: 1995ean % 24,4 besterik ez ziren bizi hirietan. Dar es Salaam da milioi bat biztanletik gora duen hiri bakarra. Bizitza itxaropena 43 urtekoa da gizonezkoetan eta 48 urtekoa emakumezkoetan. ■ Ekonomia. Tanzaniako biztanleen % 90ek nekazaritzan lan egiten du. Nekazaritzak gorakada handia izan zuen 1967-1997 bitartean; aldi horretan herrietako nekazariak kooperatibetan biltzea bultzatu zen. Hauek dira esportatzen diren gai nagusiak: kafea, tea, banana, azukre kanabera, tabakoa eta kotoia. Zuraren esportazioak beheraldi izugarria izan du (25.000 m3 1990ean eta 8.000 m3 1992an). Hori bera gertatu da sisalaren salmentekin; antzina gai hori herrialdeko aberastasun iturri nagusietako bat zen (48.000 tona 1980an eta 11.000 tona 1995ean). Iltze belarraren produkzioa ere asko jaitsi da 1980ko hamarraldiaz geroztik, garai horretan Indonesia, herrialde inportatzaile nagusia, bere beharrak asetzeko adina iltze ekoizten hasi baitzen. Abere hazkuntzak ere garrantzi handia du Tanzaniako ekonomian, behiak eta ardiak, batez ere (13 milioi buru 1996an). BPG 3,4 mila milioi dolarretik 1987an 4,6 milia milioi dolarrera igo zen 1995ean, baina aldi berean NPG biztanleko 230 dolarretik 130 dolarrera jaitsi da, beraz, Tanzania Afrika beltzeko herrialde pobreenetako bat da. Tanzaniak mea baliabideetan duen aberastasuna urria da; diamante, urre eta eztainu meategi gutxi batzuk daude, eta ez dira oso emankorrak. Bestalde, industrializazio maila oso apala da: BPGren % 10 1970ean eta % 5 1993an. Industria nagusiak hauek dira: ehungintza, elikagaiak, tabakoa, papera. Merkataritza harreman gehienak Erresuma Batuarekin, Alemaniarekin eta Japoniarekin ditu. Kanpoko zorra asko hazi da azken urteotan: 2,4 milioi dolarretik 1980an, 7,3 milioi dolarrera igo zen 1995ean. Garraiobideei dagokienez, burdinbide eta errepide azpiegiturak ez dira hain txarrak. Hiri nagusi gehienak Dar es Salaam-ekin eta elkarrekin lotuak daude burdinbidez nahiz errepidez, baina herri askotara ez dira iritsi. Portu nagusia eta nazioarteko aireportua Dar es Salaam-en daude. ■ Historia. K.o. I-II. mendea arte kusita herriak (jatorriz kaukasiarrak eta Etiopiako hegoaldetik helduak segur asko) bizi ziren Tanganyikan, baina gaur lurralde hori osatzen duten herri gehienak I. eta II. mendeetan Afrikako mendebaletik ekialdera hedatu ziren bantuen ondorengoak dira. Zanzibar uhartediko biztanleak shirazi herrikoak ziren. K.o. I. mendearen bukaera aldera arabiar eta indiar merkatariak sartu ziren, Tanganyikako kostaldean batez ere, eta pixkana-pixkana hara egokituz joan ziren. XV. mendearen bukaera aldera portugaldarrak heldu ziren, eta bi mendez (XVI-XVII), arabiarrek eta Omango agintariek bat egin eta utziarazi zieten arte (XVIII. mendearen hasiera), haien mende egon ziren lurralde horiek. Portugaldarrak irtetzean Omango sultanaren eta arabiarren artean banatu zuten lurraldea. Omango sultanak uharteak eta kostaldea hartu zituen eta arabiarrek Tanganyikako barrualdea, merkataritzako bideak kotrolatzearren batez ere. Horiek egon ziren bitartean espezia, boli, arma eta esklabo salerosketek indar handia izan zuten; merkataritza horri eustearren Omango sultanak Zanzibar egin zuen bere erreinuko hiriburu (1832). 1891n, Tanzania Erresuma Batuaren eta Alemaniaren artean banatu zuten; Zanzibar eta kostaldea britainiarren protektoratu gisa geratu zen; Tanganyikako barrualdea, alemaniarren mende. Lehen Mundu Gerra bukatzean ordea, alemaniarren mende zegoena ere (Tanganyika) britainiarrei eman zien Nazioen Elkarteak. Nazioen Elkartea Nazio Batuen Erakunde bihurtu zenean (1946), hark bere babeseko lurralde gisa hartu zuen Tanganyika eta tanganyikarrei administrazioan esku gehiago uzteko eta burujabetasuna bideratzeko eskatu zion Erresuma Batuari. Erresuma Batuak bideratu zuen ardura banaketa ez zegokion biztanleen etniekako kopuruari, Tanganika Afrika Association (TAA) kide eta aldeko gehiena zituen alderdia izan arren, europarrei eta asiarrei kargu gehiago eman baitzizkien. Alderdi horren helburua etnien eta britainiarren arteko bitartekotza egitea zen; xede politiko garbirik ez zuen. 1954an Julius Nyerere hautatu zuten TAAko lehendakari, eta horren eraginaz alderdiaren barnean burujabetasunaren aldeko ideiak sartuz joan ziren; aldi berean izena ere aldatu zioten: Tanganika Afrikan National Union (TANU). 1958ko hauteskundeetan oso emaitza onak izan zituen TANUk. 1961ean, zenbait tirabira izan ondoren, Tanganyikari burujabetasuna ezagutu behar izan zieten britainiarrek. Zanzibarko sultanerria, britainiarren mende geratu zen 1963a arte. Tanganyikak eta Zanzibarrek 1963an bat egin zuten (Tanzania), baina bakoitzak autonomia handia gordetzen zuela. 1967an, Nyerere lehendakari zela, Tanganyika Afrikan National Union-ek (TANU) bere helburua sozialismoa zela adierazi zuen Arusha-ko deklarazioan, eta nekazariak komunitatetan biltzeko esperientzia jarri zuen abian. Handik hamar urtera esperientzia haren porrota onartu behar izan zuen, nekazari gehienak haren kontra baitzeuden. 1977an Afro Shirazi Party alderdiak eta TANUk elkartzea eta alderdi bakar bat osatzea erabaki zuten, Chama Cha Mapinduzi (CCM) edo Iraultzaren alderdia hain zuzen. Alderdi bakar bilakatu zen hura, baina Zanzibarrek bere autonomia gordetzen zuen. J. Nyerereren garaiko Tanzania Hegoafrikako apartheid erregimenaren kontra, Rhodesia zuriaren kontra eta portugaldarren kolonialismoaren kontra agertu zen argi eta garbi. Bestalde, Tanzaniako gobernuak Frelino-ri –Mozambikeko askatasun higikundea– laguntzen zion, eta baita Komoreetako Ali Soilih-ren eta Seychelleetako Renéren erregimen progresistak ere. Kenyarekin eta Ugandarekin zituen harremanak hoztu egin ziren, eta Afrika ekialdeko Ekonomia Erkidegoa, britainiarrek sortua, desegin egin zen. 1981ean, muga arazo bat zela-eta, Tanzaniako gudarostea Ugandan sartu zen eta Amin Dada presidentearen kontra egin zuen. Amin Dadak ihes egin behar izan zuen, nahiz eta Libiako gudarostearen laguntza zuen. Handik gutxira, antzinako lehendakari Milton Obote Kanpalara itzuli zen. Baina Ugandara bidalitako gudarosteak eragin handia izan zuen estatuaren finantzetan. Hala, 1985ean Nyerere-k lehendakaritzarako hauteskundeetara ez aurkeztea erabaki zuen. Zanzibar-ko presidente Ali Hassan Mwinyi, CCM-koa, hautatu zuten presidente. Nyerere-k indar handia zuen oraindik alderdi bakarraren buruan eta gogor kritikatu zuen bere ondorengoaren jarrera liberala. Hala eta guztiz ere, Ali Hassan Mwinyi berriro hautatu zuten presidente 1990eko hauteskundeetan. Dena dela, Zanzibar-ekiko harremanak zailak jarraitzen zuten, izan ere, Zanzibarren separatismoa indartzen ari baitzen. 1992an alderdi aniztasuna onartu zen eta herrialdeko alderdi kontinentalean kristauen eta musulmanen arteko tirabirak gogortu egin ziren. 1995ean CCM alderdiak eta Benjamin Mpaka hautagaiak erraz irabazi zituzten hauteskundeak. Zanzibarren CCM-ko hautagai Seif Sharif Hamadek irabazi zuen, baina ez zion alde handia atera banaketaren aldekoa zen Fronte Zibiko Batuari. Salmin Amour gelditu zen, beraz, uharteko presidente; krisi politiko latzari eta oposizioari egin behar izan zien aurre presidente berriak. 1997an Tanzaniako presidente Benjamin Mpaka-k laguntza eskatu zien hainbat herrialderi, “El Niño” fenomeno metereologikoak eragin izugarriak izan baitzituen Tanzaniako biztanleengan, eta hainbat eskualdetan biztanleek ez zituzten oinarrizko beharrak asetzen. 2005ean, Jakaya Mrisho Kikwete hautatu zuten lehendakari.
http://www.tanzania.go.tz/