Tanttaka Teatroa
Gipuzkoar antzerki taldea, 1983an sortua. Sortu zenetik 2000. urtea arte hemeretzi produkzio taularatu dituzte, estilo arras desberdinekoak, euren lan egiteko moduaren arabera taldea eta taldekideak unean uneko lanari egokitzen baitzaizkio, eta ez alderantziz. Besteak beste, Agur Eire Agur, Flaminio, Adagio Violentísimo, Como Hansel y Gretel eta Todas culpables muntaiak taularatu dituzte. Azken urteetan arrakasta izugarria izan duten proiektuak jarri dituzte abian, hala nola 1996an estreinatu eta 2000. urtean –600.000 ikusle baino gehiago izan ondoren– Max saria lortu zuen El Florido pensil. Andrés Sopenaren liburua oinarri du antzezlan horrek, eta frankismoaren garaiko eskola eta ohiturak taularatzen dira euskaraz eta gaztelerazko bertsio bikoitzean, Fernando Bernués eta Mireia Gabilondoren zuzendaritzapean; ikusle gehien erakarri dituen Euskal Herriko antzerki baten muntaia izan da. Tanttaka Teatroak bostpasei lan zeuzkan ikusgai aldi berean 2000. urtean, eta horietan ziharduten lanean hainbat eta hainbat lehen mailako euskal aktore: Jose Ramon Soroiz, Mikel Garmendia, Enrique Díaz de Rada, Isidoro Fernandez, Ramon Agirre, Paco Sagarzazu, Joseba Apaolaza, Patxi Barki, Niko Lizeaga, Teresa Calo, Idoia Sagarzazu, Aitzpea Goenaga, besteak beste. Muntaia horien artean aipa daitezke Todo Shakespeare (o casi), lan estatubatuar baten egokitzapena, Patxi Barcok eta Carlos Zabalak egina; Jugando con papá-Aitarekin jolasean, Pep Antón Gómezek zuzendua; 1998an estreinatutako Dakota, Josep Maria Mestresek zuzendua, edota konpainiaren beste hainbat lan bezala Fernando Bernuések zuzendutako Chiquilladas-Umekeriak. 2000. urtean El pianista del océano-Ozeanoko pianista lana estreinatu zuten, Alessando Barico idazle italiarrak antzerkirako idatziriko aurreneko obra. Fernando Bernuésen zuzendaritzapean eta Iñaki Salvadorren musikaz, Jose Ramon Soroizek eta Enrique Díaz de Radak zuten obra horretan paper nagusia, euskarazko bertsioan batak eta gaztelerazkoan besteak.