tamil
edo tamul. iz. Indiako penintsulako hegoaldeko Tamil Nadu estatuan eta Kerala, Karnataka eta Andra Pradesh estatuetako eskualde batzuetan, eta Sri Lanka uhartearen iparraldean bizi den herria, dravida hizkuntza multzoko hizkuntza erabiltzen duena. Erlijioz hinduistak dira gehienak eta badira haien artean jainistak, musulmanak eta kristauak. Tamil herria izan da sanskritodun herrien aurka borrokatu den dravida herri indartsuena. Antzinatean zibilizazio indartsu bat eratu zuten eta merkataritza harremanak izan zituzten antzinako greziar eta erromatarrekin. Chera, Txola, Pandya eta Pallava dinastiek gobernatu zuten luzaroan tamilen lurraldean eta, XIV. mendea baino lehen, Vijayanagar dinastia nagusitu aurretik, aurreramendu handiko kultura garatu zuten. Itsasketari trebeak izan ziren, eta Indiako kultura eraman zuten Asiako hego-ekialdeko lurretara. Sri Lanka-ko tamilak bi talde berezitan daude banatuta: Zeilango tamilak uharteko iparraldean bizi dira aspaldidanik eta Indiako tamilak XIX-XX. mendeetan eraman zituzten britainiarrek garai hartako Madras herrialdetik, te sailetan lan egiteko. Zeilango tamilek gerrilla indartsu bat eratu dute XX. mendeko azken laurdenean Sri Lanka-ko zingaldarren aurka, Tamil erepublika burujabe baten alde.