Tamayo, Rufino
Mexikar pintorea (Oaxaca, 1899 - Mexiko, 1991). Ikasketak Mexikoko Arte Ederretako eskolan egin zituen. 1933an Hezkuntza ministerioko arte plastikoen saileko zuzendari izendatu zuten. Bere estiloan espainiarren kolonizazioaren aurreko artearen oroitzapenak eta usadiozko irudiak elkartzen ditu. Hasieran kubisten eragina izan zuen eta espresionismoa landu zuen. Picassoren eragina nabaria du bere pinturetan. Horma pintura eta koadroak egin zituen; bere horma pintura nagusiak mexikon (Mexikoko kontserbatorio nazionaleko [1933] eta Arte Ederretako jauregiko [1953] freskoak) eta Estatu Batuetan (Dallasko Arte Ederretako museoa) daude. 1949-1959 bitartean Parisen lan egin zuen (Unescoko jauregiko hormen dekorazioa, 1958), eta 1960an Mexikon hartu zuen berriro bizilekua. Koadro nagusiak: Animales (1943, Animaliak), El Cantante (1950, Kantaria). 1981ean Rufino Tamayo museoa inauguratu zen Mexikon; bere koadro bilduma handi bat dago han.