Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Talmud

(Eusk. «ikasketa, ikaskuntza»). Judu erlijioan, Mishna edo ahoz jasotako legeen kode nagusiari eginiko oharrak, iruzkinak eta azalpenak biltzen dituen obra zabala. Juduen erlijio eta bizitza zibileko arauak zehaztea du helburu Talmud-ek. Bi Talmud daude, juduen munduen garatu ziren bi tradizio nagusien arabera: Palestinakoa, Jerusalem-go Talmuda ere deitua, IV. mendean osatua eta Jochanan ben Nappacha Tiberiadesko rabi eskola sortu zuen doktore juduak (180-Tiberiades, 279) mendebaleko aramaieraz idatzi zituen lanetan oinarritua; eta Babiloniakoa, askoz ere zabalduagoa, Rab Ashi (352-427) maisuak eta Sura-ko akademiako rabinoek prestatua eta Rabbina II.ak (499an hila) osatua. Ekialdeko arameieraz idatzi zuten Babiloniako Talmud hori eta judu erlijioaren bigarren liburu nagusi bihurtu zen, Bibliaren ondoren, hurrengo mendeetatik aurrera. Talmud liburuak garrantzi handia du gaur egun ere, judu kontserbadoreen artean bereziki. Israelen eta Estatu Batuetan daude gaur egungo Talmud eskola nagusiak.