Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Taiwan

Asiako hego-ekialdeko uhartea, Txinako hego-ekialdeko kostaldetik 160 km ingurura, Pen-ghu, Quemoy eta Matsu uhartediekin batera Txinako Errepublika edo Txina nazionalista osatzen duena. 36.000 km2 eta 22.920.946 biztanle (2008, taiwandarrak). Mugak: iparraldean, Txinako Ekialdeko Itsasoa; ekialdean, Ozeano Bareko Filipinetako itsasoa; hegoaldean, Bashi-ko itsasartea; mendebaldean, Taiwango itsasartea. Hiriburua: Taipei. Hiri nagusiak: Kaohsiung, T’ai chung, T´ai nan, Chi lung. Hizkuntza ofiziala: txinera mandarina. Etniak: taiwandarrak, % 84; txinatarrak, % 14; besteak, % 2. Erlijioa: Txinako herri erlijioak, % 48,5; budismoa % 43; katolikoa, % 7,4; musulmana, % 0,5; besteak, % 0,6. Dirua: Taiwango dolar berria.  v  Orografia eta hidrografia. Taiwango uharteak 394 eta 144 km inguru ditu luze-zabalean. Lurraldearen parterik handiena mendi garaiez eta muinoez osatua da. Ekialdeko kostaldetik hurbil dauden mendikate handi batzuek (Yu mendia, 3.997 m) iparraldetik hegoaldera zeharkatzen dute lurralde osoa. Mendietako ekialdea oso malkorra da, eta mendebalak, berriz, askoz goibehera leunagoa du, muinoen, ibar zabalen eta ordokien artean. Itsasertza nahiko zuzena du. Ibaiak laburrak, ur emari eta goibehera handikoak dira; nolanahi ere, gorabehera handiak dituzte ur emarian. Ibai nagusiak iparraldeko Tan eta mendebaleko Txo dira. Lursailak ureztatzeko eta argindarra sortzeko erabiltzen dira.  v  Klima eta landaredia. Taiwanek klima subtropikala du iparraldean eta tropikala hegoaldean. Batez beste 15 °C izaten dira neguko hilabeteetan (urritik-martxora) eta 30 °C udako ekaina-irailetan. Euri asko egiten du: urtean 2.500 mm euri inguru, udako montzoiak ekarriak gehienak, baina mendietan eta mendietako ekialdeko isurialdean askoz gehiago ere egiten du, elurra askotan. Landarediak lurraldearen bi herenak hartzen ditu: ur gaziko basoak dira delta inguruetan, baso tropikala (banbu eta palmondoekin batera) 600 m artean, baso subtropikala (kanforrondoa, erramua…) 600-1.800 m bitartean, zedroak, altzifreak, ipuruak, errododendroak eta astigarrak 1.800-2.400 m bitartean eta handik gora, pinudiak. Nolanahi ere, mendietako leku askotan, higadurak guztiz soildu du lurra. ■ Biztanleak. Uharteko jatorriko biztanleak, indonesiar leinukoak, Taiwango biztanleriaren % 2 baino ez dira gaur egun, eta mendialdean bizi dira. Taiwango biztanle gehienak txinatar jatorrikoak dira. Hizkuntzari dagokionez, ofiziala den txinera mandarinaz gainera, txineraren beste dialekto batzuk (fukien eta hakka), uharteko bertako dialektoak, japoniera eta ingelesa ere erabiltzen dira. Izan ere, legeak gutxiengoen eskubidea onartzen eta errespetatzen du. Taiwanek munduko dentsitate handienetako bat du: 600 biztanle km2-ko. 1950eko hamarraldian gobernuak jaiotzak kontrolatzeko politika jarri zuen abian: emakumeei etxetik kanpora lan egiteko aukera eman zitzaien, eta ezkontzak atzeratzea eta haur bakarreko familiak izatea bultzatu zen. Hala, 1947an, 1.000 biztanleko 38 haur jaio ziren, eta 1990. urterako, 19 baino ez. Bestalde, osasun egoeraren hobekuntzak heriotza kopurua murriztea ekarri du. Gobernuak, XXI. mendearen hasierarako, jaiotza eta heriotza tasak berdindu egin nahi ditu. Bizi itxaropena 74 urtekoa da. Bestalde, biztanleen % 73 hirietan bizi da. Hezkuntza maila garaia da, Japoniakoaren edo Hego Koreakoaren parekoa. Taiwanek herrialde aurreratuen ezaugarriak ditu beraz. “Asiako dragoietako” bat bihurtu da hiru hamarralditan. ■ Ekonomia. Bigarren Mundu Gerraren ondoren, amerikarren laguntzarekin, Taiwanek oso aldaketa ekonomiko handiak izan zituen. Kanpo Merkataritzako ministerioak asko bultzatu zituen esportazioak eta erraztasunak eman zizkion bertako produkzioari, inportazioen garestitasunari aurre egiteko. Bestalde, industriaren % 15 besterik ez da estatuaren esku gelditu. Hala ere, industria astunaren alorrean hainbat multzo osatu dira gobernuarekin eta gobernuko alderdiarekin, Kuomintang-ekin alegia, lotura estua dutenak. Ekonomia indartzeko lehenengo saioa 1951-1953 bitartean egin zen, eta nekazaritzan oinarritu zen. Lursailak 3 hektareara txikitu ziren arroza lantzeko, eta 6 hektareara tabakoarentzat; gainerako lurrak estatuak erosi zizkien lurjabe handiei eta Altxor bonoekin eta estatuaren enpresetako akzioekin ordaindu zien. Antzinako lurjabeek enpresa txikietan sartu zuten beren dirua, eta 200.000 baserritar inguru beren lurren jabe bihurtu ziren. Neurri horiei esker, asko hazi zen nekazaritzaren ekoizpena. Industriaren indartze prozesuan, berriz, hiru aldi izan ziren. Lehenengo hogei urteetan Taiwanek manufaktura industriak bultzatu zituen. 1970. urtearen inguruan, berriz, balio erantsi handiko industriak bultzatu ziren, eta, horren ondorioz, industria gune ugari sortu ziren. 1990. urtetik aurrera, goi mailako teknologiara zuzendutako enpresak sortu ziren batez ere (iparraldean, Hsinchu-ko parke zientifikoa eta hegoaldean, Hsinshih-koa); Informatikako materialaren munduko hirugarren ekoizle bihurtu da Taiwan. Azken urteotan, garrantzizko finantza, burtsa eta aireportu gunea osatu da Taiwanen (langileen % 71 aritzen da lanean, industria ekoizpenaren % 45 sortzen da, eta esportazioen % 60). Taiwango merkataritza balantza positiboa da, 10 mila milioi dolar 1996an. Baina egoera hori guztia ahula da, Txinarekiko harremanaren mendekoa guztiz. Taiwanen etorkizuna, beraz, egoera politikoaren eta nazioarteko harremanen araberakoa da erabat. Bestalde, Taiwanera ere iritsi zen 1998. urtearen bukaerako finantza krisia. Hala ere, Taiwanek eutsi zion beheranzko joera horri, zenbait arrazoirengatik: barne merkatu handia du eta dibisa erreserba sendoa; zor txikia du Asiako beste herrialde batzuen aldean, inguruko herrialdeek baino araudi zorrotzagoa baitu ekonomiaren alorrean. Hala eta guztiz ere, etorkizuna iluna da. Azken urteotan, hazkunde handia izan ondoren, badirudi joera alderantzizkoa dela. Korearekiko esportazioak % 30 jaitsi dira, eta antzeko beheraldiak aurreikusten dira Japonia eta Estatu Batuekiko. 1998ko urtearen lehenengo hilabeteetan, Taiwango kanpo merkataritak 472 milioi dolarreko defizita izan zuen. Urte horretan bertan, izugarria izan zen BPGren beherakada. Taiwanek 20 mila milioi dolar inguru inbertitu ditu Txina kontinentalean, beraz, Txinaren ekonomia hondoratzen bada, Taiwangoan ere beste horrenbeste gerta daiteke. ■ Historia. 1590ean, portugaldar itsasgizonak iritsi ziren uhartera. Portugaldarrek Ilha Formosa edo «Uharte ederra» deitu zioten gaur egungo Taiwani, eta harrezkero Formosa izenaz ere ezagutzen da uhartea. Hala ere, portugaldarrek ez zuten bizitokitzat hartu. Handik urte gutxira, Txinan gosete handiak izan ziren, eta hegoaldeko jende asko uharteko mendebalera joan zen bizitzera. 1624an, holandar salerosleak kokatu ziren hegoaldean, eta bi urte geroago, espainiarrek hartu zuten iparraldea. 1646an, holandarrek espainiarrak uhartetik kanpora egotzi zituzten. Txinan Mantxu inperioa nagusitu zenean, aginpidea galdutako Ming dinastiakoak Taiwanera joan ziren ihesi. 1661ean, Txen Txen-kung itsas lapurraren gidaritzapean, txinatarrek holandarrak uhartetik kanpora egotzi zituzten. 1633an, Taiwan mantxu dinastiaren mendean geratu zen, Txinako Fujian probintziaren barruan. Txinako hegoaldeko gero eta jende gehiago iritsi zen Taiwanera, eta uharteko bertako biztanleek mendi aldera joan behar izan zuten.  v  XIX. mendearen erdialdean, uharteak bi milioi biztanle baino gehiago zituen, eta arroza eta azukre kanabera esportatzen zituen Txinara. 1858an bi portu zabaldu ziren, eta arrozaren eta azukrearenaz gainera, tearen esportazioa ere hasi zen. Txinaren eta Japoniaren arteko gerraren ondoren, 1895ean, Taiwan eta Pen-ghu Japoniaren mendean geratu ziren. Mende erdi batez, japoniarrek beren hizkuntza eta kultura zabaltzeko ahalegina egin zuten, eta uhartearen modernizazioa bideratu zuten. Nekazaritzak aurrerapen handia egin zuen, eta soberakinak Japoniara esportatzen ziren. 1930ean, japoniarrek uraren indarraz baliatuta aluminioa ekoizteko lantegiak zabaldu zituzten, besteak beste. Japoniako inperioa desegin zenean, Txinako gobernu nazionalistak hartu zuen uhartearen gaineko aginpidea, 1945eko urriaren 25ean.  v  Txina nazionalista. 1949an, komunistek Txinako aginpidea lortu zutenean, Kuomintang-eko gobernua, soldadu eta zibil nazionalistak (bi milioi inguru) uhartera joan ziren babes bila. Txinako gobernu nazionalistak, Xian Kai-Xek jeneralak aginpidea zuela, uharteko oposizioa oso gogor zapaldu zuen, eta Txina konkistatzea helburu zuen politika bideratu zuen. Bien bitartean, Koreako gerrak Estatu Batuak erakarri zituen, eta Estatu Batuetako itsas gudarostea Txinaren eta Taiwango uhartearen artean kokatu zen. Taiwanek, Estatu Batuen laguntzaz, 600.000 soldaduko gudarostea osatu zuen, aurrekontuaren % 80 hartzen zituena. 1954ko abenduaren 2an, Txinako gobernu nazionalistak eta Estatu Batuek elkarri laguntzeko hitzarmena egin zuten. Txinaren eta Taiwanen arteko gatazkak etenaldia izan zuen. 1971 arte, eta Estatu Batuen laguntzari esker, Taiwango gobernuak («Txinako errepublika» izenarekin) Txina osoaren ordezkaritza izan zuen Nazio Batuetan eta baita nazioarteko beste erakunde batzuetan ere. Baina, bien bitartean, gero eta herrialde gehiagok ezagutu zuten Txinako Herri Errepublikako gobernua. Eta gobernu nazionalista herrialde askotatik bakartua geratu bazen ere, Taiwango ekonomiak aurrerapen handia egin zuen, Japoniako eta Estatu Batuetako diru laguntzei esker, besteak beste. 1975ean, Xiang Kai-Xek hil zenean, haren semeak, Xiang Xing-Kuo, hartu zuen Kuomintang-en buruzagitza eta baita, 1978an, gobernuko buruzagitza ere. Xiang Xing-Kuo lehendakariarekin Taiwango erregimen autoritarioa leundu egin zen, 1986an, oposizioko alderdiak onartu baitziren, eta 1987an, 1949 ezkero indarrean zegoen lege martziala ezeztatu baitzen. Hurrengo urteetan, uharteko ekonomiaren egoera onari esker, eta Txinaren konkista gobernuaren lehentasunetatik urrundu ahala, Taiwango egoera politikoak onera egin zuen. 1983 eta 1986 urteetako hauteskundeetako helburuetako bat politikaren “taiwandartzea” izan zen, hau da, Taiwanen bertan jaiotakoen aldeko politika bideratzea, eta 1949an uhartera joan ziren ezkero aginpidea zuten “zaharrak” aginpidetik kentzea. 1987ko urrian taiwandarrak Txinan sartzeko debekua kendu zen. Xiang Xing-Kuo hil zenean (1988) Lee Teng-Hui izendatu zuten Kuomintang-eko eta gobernuko lehendakari. 1990ean, beste sei urtean lehendakari izateko hautatu zuten. Lee Teng-Huik aurreko lehendakariaren politikari jarraitu zion, liberalizazioaren eta taiwandartzearen alde hain zuzen ere, baina nolabaiteko autoritarismoaren azpian betiere. 1991ko apirilean, Lee Teng-Huik amaitutzat jo zuen Txinaren aurkako gatazka. Baina, 1992an konstituzioa berritu zen arren, errepublikako lehendakaria bozketa bidez hautatua izateko eskubidea ez baitzen onartu, oposizioarentzat ezin ulertuzkoa izan zen jarrera hura. Bestalde, Txinarekiko batasuna oraindik bete gabe zegoen helburuetako bat zen. Txinak Hong Kongekin bezala egitea proposatu zuen Taiwanekin, baina Taiwanek ez zuen horrelako proposamenik onartu. 1994. urtetik aurrera Taiwanen burujabetasunaren aldeko ahotsak gero eta gehiago ziren. Baina burujabetasunera hurbiltzeko edozein asmoren kontrakoa zen Pekin, eta alferrekoak izan ziren NBEan sartzeko Taiwango gobernuaren ahaleginak. 1994ko abenduan alderdi anitzeko lehenengo udal hauteskundeak ospatu ziren. Hauteskunde haietan botoak Kuomintang alderdiaren eta Alderdi Demokratiko Progresistaren artean banandu ziren. Bestalde, kontrako ugari izan baziren ere, Kuomintangek laugarren zentral nuklearra eraikitzea onartu zuen. 1995ean Pekinekin zituen ekonomia harremanak sendotu egin ziren, eta Txinako atzerritar inbertsore nagusia izan zen Taiwan. Hala ere, bi herrialdeen arteko harremanek okerrera egin zuten. 1995eko legebiltzarrerako hauteskundeak Kuomintangek irabazi zituen, nahiz eta aurreko legealdiekiko botoak galdu zituen. 1996an Txinak maniobra militarrak egin zituen berriz ere Taiwango kostaldetik hurbil, eta Estatu Batuek gerraontziak bidali zituzten. Urte horretan izan ziren lehendakaritzarako lehenengo hauteskundeak, sufragio zuzenekoak, eta Lee Teng-ek, Kuomintangeko kide zenak, botoen % 54 lortu zuen. 1997ko udal hauteskundeetan alderdi independentistek 12 udalerritan lortu zuten gehiengoa, eta horrek asko kezkatu zuen gobernuan zen alderdia. 1998an berriz ere elkarrizketetan hastea erabaki zuten Txinak eta Taiwanek. 2000ko hauteskundeak Kuomintangek galdu eta Chen Shui-bianek irabazi zituen eta 2004koak ere bai. 2008ko hauteskundeetan, berriz, Ma Ying-jeou izendatu zuten lehendakari, eta, adituen ustez, horrek esan nahi du Txinaren eta Taiwanen artean harreman hobeak izatean alde daudela taiwandarrak.
http://www.gio.gov.tw/