Taiyuan
Txinako iparraldeko hiria eta Shanxi probintziako hiriburua, Fen ibaiaren ertzean. 2.010.000 biztanle. Burdinbide eta errepide gune garrantzitsua. Txinako industria gune handienetakoa da: altzairugintza, burdingintza, eraikuntzarako gaiak, kimika industria, janari industria eta ehungintza. Halaber, Taiyuanen ekoizten da Txinako ipar-mendebalerako altzairua. v Historia. Hiri guztiz zaharra da. Txao antzinako estatuko hiriburua izan zen K.a. III. mendean eta budismoaren gune nagusietako bat K.o. VI-VII. mendeetan. Shanxi herrialdeko hiriburua da Ming dinastiaren garaietatik (1368-1644). XIX. mendean garrantzi handia izan zuten Txina osoko ekonomian merkatariek eta bankariek. 1907an eraiki zuten Taiyuanen eta Pekinen arteko burdinbidea, Shijiazhuang hirian barrena. 1911. urtetik aurrera hasi zen industria garatzen eta, 1949an iraultza komunista nagusitu ondoren, Txinako altzairugintza gune nagusia bihurtu zen.