Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Tajo

(Portugaleraz Tejo). Iberiar Penintsulako ibairik luzeena. 1.120 km luze da eta 80.678 km2-ko ibai arroa hartzen du. 910 km egiten ditu Espainiako lurretan eta 210 km Portugalen. Teruelgo Albarracin-go mendietan du iturburua eta arroil estu eta sakonen artean hego-mendebalera egiten du. Entrepeńas, Buendia eta Bolarque-ko urtegiek eten egiten dute ibaiaren ibilgua Gaztelako itsasoa izenaz ezagutzen den eremu zabalean. Aranjuezen Jarama ibaiaren urak biltzen ditu eta mendebalerantz hartzen du. Toledoko hiria inguratu ondoren Talavera de la Reina-ra iristen da; han Alberche ibaia batzen zaio. Extremaduran barneratzen da ondoren eta Monfragueko parke naturala igarotzen du. Arroil sakonak zeharkatzen ditu gero. Ibar estu horietan urtegiak eta indar-etxe handiak daude. 44 km-tan zehar Espainiaren eta Portugalen arteko muga egin ondoren Portugalen barneratzen da eta Zézere ibaiaren urak biltzen ditu. 178 km-ren buruan, Lisboako hiriaren parean Paja itsasoa edo estuario zabala eratzen du eta Ozeano Atlantikoan isurtzen du ura.