Tadao, Ando
Japoniar arkitektoa (Osaka, 1941). Arkitektura ikasi zuen Europako, Estatu Batuetako eta Japoniako ereduak in situ aztertuz. 1969an bere arkitektura estudioa zabaldu zuen, eta 1979an Japoniako Arkitektura Institutuko saria irabazi zuen Row etxeagatik (hormigoizko apartamentua, japoniar etxe tradizionalen artean kokatua). Ondoren egin zituen: Kapera ur gainean Tomanun (1985), eserlekuak aintzira artifizial bati begira daudena, eta aintziraren erdian hormigoizko gurutze bat dagoena; Haurren Museoa Himejin (1990), Hyogo probintzian. Tadao garrantzizko teorialaria da, eta ukatu egiten du arkitektura modernoa munduko kultura guztietan bereizketarik gabe erabiltzea. Tadaoren arkitekturak higikunde modernoaren formak eta materialak batetik, eta, bestetik, oinarri estetiko tradizionalak nahasten ditu. Bere lanaren ezaugarrietako bat hormigoi lauaren erabilera da. 1992an Japoniako pabiloiaren proiektua egin zuen Sevillako Nazioarteko Erakusketarako. Pritzker saria eman zioten 1995ean.