tadjik
iz. eta izond. Tajikistangoa. || Asiako erdialdeko herria, jatorriz irandarra. Tadjik herriaren lurraldea egungo Tajikistanen, Uzbekistango ekialdean eta Afganistango iparraldean eta erdialdean barrena zabaltzen da. 6.300.000 lagun inguru dira gaurko egunean: 2.500.000 Tajikistango errepublikan, 700.000 Uzbekistanen, 3.000.000 inguru Afganistanen eta 30.000 inguru Txinako ipar-mendebalean, Xinkiang-eko Uighur lurralde autonomoan. Tadjik edo pertsiera zaharra dute hizkuntza Tajikistanen eta Uzbekistanen, eta pertsiera modernoa Afganistanen. Musulman sunniak dira tadjik gehienak. Tadjik-ak historiaurrean Kaspiar itsasotik Txinako mugetara zabaldu zen irandar kulturaren oinordeko zuzenak dira. Hiriak eraiki zituzten eta trebetasun handia izan zuten lurgintzan (ospetsuak ziren haien fruitu baratzeak).