Syr Darya
Asia erdialdeko ibaia, Uzbekhistan, Tajikistan eta Khazakhstan errepubliketatik igaro ondoren Aral itsasoan isurtzen dena. Ferganako haranean sortzen da, Naryn eta Karadarya ibaiek bat egiten dutenean. Asiako erdialdeko ibai luzeena da; 2.212 km (3.020 km, Naryn ibaia kontuan hartzen bada). Bigarren Mundu Gerraz geroztik urtegi handiak egin dira, ura elektrizitate ekoizpenerako eta ureztatze lanetarako erabiltzeko. Ureztatze lan horien ondorioz, 2.000.000 ha lur nekazaritzarako erabiltzen dira (kotoia, batez ere). Horren ondorioz, ordea, ongarri kimikoak erabili direlako, eta Syr Dariako urak berez ere gatz asko duelako, arazo larriak sortu ditu: Aral itsasoaren ia lehortzea, lurraldearen gazitzea, nekazaritzaren galera eta lurpeko uretara ongarri kimikoak kopuru handietan iritsi izanak ekarri dituen osasun arazoak (munduan beste inon baino haur gehiago jaiotzen dira hilik edo gaixorik).