Suedia
(Izen ofiziala, Suediako Erresuma; Suedieraz, Konungariket Sverige). Europako iparraldeko estatua, Eskandinaviako penintsularen ekialdean. 450.000 km2 eta 9.045.3890 biztanle (2008, suediarrak). Mugak; iparraldean, Finlandia eta Norvegia; ekialdean, Botniako golkoa eta Itsaso Baltikoa; hegoaldean, Itsaso Baltikoa eta Danimarka; mendebaldean, Norvegia. Hiriburua: Stockholm. Hiri nagusiak: Göteborg, Malmö, Uppsala, Linköping. Hizkuntza ofiziala: suediera. Erlijio ofiziala: Suediako eliza (luteranoa % 89,5), katolikoak % 1,7, pentekostalak % 1,2, besteak % 7,6. Etniak: suediarrak % 90,8; finlandiarrak % 2,5; besteak % 6,7 (horien artean laponiarrak, 17.000). Dirua: Suediako koroa. v Orografia eta hidrografia. Hiru maila bereiz daitezke Suediako orografian: Mendialdea, goi-ordokia eta zelaia. Mendebaleko muga ingurua, Finlandiaren eta Norvegiaren arteko mugatik Osterdal ibaira bitartekoa, oso menditsua du. Mendiak ez dira oro har oso garaiera handikoak, baina badaude 2.000 m ingurukoak; Kebnekaise (2.111 m) eta Sarjektakko (2.090 m) adibidez. Muga horietatik itsasertzera bitartekoa eta hegoaldeko Svealand eskualdera bitartekoa goi-ordokiz osatua da. Itsasertz guztia eta Svealand guztia laua. Hidrografiari dagokionez, aberastasun handia du Suediak bai aintziretan (96.000 aintzira inguru handi eta txiki) eta bai ibai-erreketan (12 bat ibai handi); ibaietan aipagarrienak iparraldetik hegoaldera Lule, Skellefte, Ume, Angerman eta Osterdal dira. Ibaiek mendebaletik ekialdera zeharkatzen dute Suedia eta gehienek Botniako golkora isurtzen dute hura. Suedian ez du euri asko egiten; batez beste 500 mm hegoaldean eta iparraldean hori baino gutxiago. Ibaiak eta aintzirak glaziarretan sortzen dira. Iparraldeko mendiak urtean 8 hilabete elurturik egoten dira. ■ Klima eta landaredia. Iparburuaren ondoan dago Suedia. Iparraldetik mendebalera 1.574 km luze da; beraz, kliman ere aldeak ditu iparraldetik hegoaldera. Iparraldea hotza du oro har, batez ere Siberiako antizikloiak jotzen duen aldeetan; eta are hotzagoa neguan, egunak oso laburrak eta gauak oso luzeak baitira. Baina Norvegiako kostatik ere ez dago oso urrun eta Gulf Stream itsas lasterraren eragina iristen da zenbait eskualdetara. Horren eta hegoaldeko haizearen eraginagatik klima samurragoa da hegoaldean. Stockholmen, urteko garairik hotzenean, otsailean, -3 °C egiten du batez beste eta uztailean 18 °C. Landaredia klima horietara egokitua da. Lurraldearen % 57 basoz estalia da. Iparburu inguruko eskualdeetan, eta batez ere leku menditsuetan, urkia, beste zuhaitz txikiak eta elur-eskualdeetako landaredia dago; hegoaldera, Svealand eskualderaino, berriz, koniferoak eta urkia, eta hegoaldeko muturrean, hosto erorkorreko zuhaitzak (zumarra, astigarra, haritza, lizarra besteak beste).■ Biztanleak. Suediar gehienak germaniar-eskandinaviarrak dira. Germaniarrez aparte badira beste bi etnia ere: finlandiarrak, suomiera hizkuntzakoak (238.000 biztanle inguru) eta laponiarrak, Uralgo hizkuntzen familiako hizkuntzakoak (17.000 biztanle). Laponiarrak Norrland eskualdean bizi dira; elur-oreina zaintzea dute ohiko ogibidea. Suediako biztanleriaren % 80 hegoaldean bizi da, Itsaso Baltikoaren inguruan gehienbat. Suedian etorkin ugari dago, Finlandia, Iran, Norvegia, Danimarka, Turkia eta Txiletik lanera joandakoak batzuk, eta iheslari joandakoak beste batzuk, besteak beste, Bosnia-Herzegovinako gerrako iheslari ugari. Gizarte laguntzaren babesa publikoa eta doakoa da. Osasun zerbitzuak oso egokiak dira eta osasun egoera ona da. Suedian bizi den guztiak du, nahiz lanik ez izan, gizarte laguntzaren babesa izateko eskubidea. Bizitza itxaropena 75 urtekoa da gizonezkoentzat eta 80 urtekoa emakumezkoentzat. Ikasketak doakoak dira eta nahitaezkoak 7-16 urte bitartean, eta helduentzako ikasketak ere egoki antolatuta daude. ■ Ekonomia. Europako gainerako herrialdeek bezalaxe, Suediako ekonomiak atzeraldia izan zuen 1990eko hamarraldiaren hasieran. Suediako gobernuak zenbait neurri hartu zuen egoera horri aurre egiteko, eta berehala lortu zituen emaitzak: produkzioak, esportazioei esker, gora egin zuen, industriaren produktibitatea hobetu egin zen 1992ko koroaren baliogabetzearen eta langileen lan orduak gehitzearen ondoren. Finantzen oreka bere onera itzuli zen, zorra mugatu zen, prezioak egonkortu ziren (% 1,5eko inflazioa 1998an), eta truke tasak eta interesak txikitu. Krisiak sektore publikoan izan zuen eragin handiena, eta langabeziari (biztanleria aktiboaren % 8) konponbindea aurkitu ezinik dabil gobernua. Suedia buruaskia da nekazaritza gaiei dagokionez, eta basoen ustiakuntzan, burdin meategietan eta baliabide hidraulikoetan oinarritzen da industria. Nekazaritzak BPGren % 2 eta biztanleria aktiboaren % 3 besterik ez du hartzen, baina hala ere herrialdeko beharren parte handi bat asetzeko adinakoa da. Abere hazkuntzarekin zerikusia duten jarduerak dira nagusiak (garagarra, haragia, esnea, etab.). Laboreetan gehien lantzen dena garagarra da, eta labore-lurren % 16 hartzen du; oloa (% 14) eta garia (% 11) gutxiago lantzen dira. Larru ekoizle handia da Suedia, bisoiarena batez ere. Arrantzari dagokionez, sardinzarra da gehien harrapatzen dena (guztiaren bi heren); bakailaoa, amuarraina eta berdela ere arrantzatzen dira. Stockholm eta Göteborg dira arrantza portu nagusiak. Meatzaritza, baso eta energia hidroelektrikoaren industriari esker, industria herrialde modernoa bihurtu da Suedia. 1980ko hamarraldian Europako herrialde industrializatuenetako bat zen. Eraikuntzarako zur erreserba handienetako bat du (herrialdearen % 68). Meatzaritzak, bertako kontsumoari dagokionez, garrantzi handia du, eta baita nazioarteko merkataritzari dagokionez ere. Baina meak ustiatzeko industriak beheraldia izan zuen 1970eko hamarraldian. Suedia Europar batasuneko burdin, berun, zilar eta urre ekoizle nagusia da. Aberatsa da baliabide hidraulikoei dagokionez, eta bertan sortzen da elektrizatearen % 47. Azken urteetan, industria tradizionalez gainera (burdina eta zura), gero eta garrantzi handiagoa hartu dute eraikuntza mekanikoek eta goi mailako teknologiak. Suediaren tamainako herrialde gutxik dute hark dituen aeronatika industriak eta industria nuklearrak, automobil fabrikatzaileak, abangoardiako sektore militar-industriala, goi mailako teknologiako telekomunikazio industria; horrez gainera, bi botika talde indartsu ditu. Stockholm, Göteborg, Linköping, Malmö eta Trollhättan dira industria gune nagusiak. Industria kimikoan jende askok lan egiten badu ere, produkzioaren parte txiki bat besterik ez du esportatzen. Goi teknologiako sektoreak, hala nola informatika, elektronika eta medikuntza teknikak, industria produkzio guztian parte txikia badute ere, munduko herrialde aurreratuenetakoa da Suedia ikerketaren alorrean. Hirugarren sektoreak hartzen du langile kopuruaren gehiena; zerbitzuetan % 70k egiten du lana, eta NPGren % 63 sortzen du. Suediaren ekonomian garrantzi handia du kanpoko merkataritzak. Alemania, Erresuma Batua, Estatu Batuak, Norvegia, Danimarka, Frantzia, Herbehereak eta Finladiarekin ditu merkataritza harreman nagusiak. 1990eko ekonomia krisiaren ondoren Suediako gobernuak hainbat neurri hartu zuen enpleguaren alorrean: zerbitzu publikoetako lanpostu kopurua % 10 jaitsi zuen eta zerbitzu horiek aldez pribatizatu zituen. Zerga sistema ere aldatu egin zuen: errenta zergak gutxitu egin ziren eta ondasunen eta zerbitzuen gaineko zergak handitu. Gastu publikoak garbitzea eta prezioak orekatzea zen neurri horien helburu nagusia. 1998an % 8,1 langabetu zeuden Suedian, baina kontuan hartuta enpleguaren aldeko neurrien onuradun zirenak, kopuru hori % 12,6ra igotzen da. Gazteak, etorkinak eta emakumeak dira langabetu gehienak. 2008ko udazkenean, Suediako ekonomia errezesioan erori zen, nazioarteko krisi ekonomikoaren eraginez ■ Historia. Historian lehenengo aldiz Tazitoren Germania liburuan agertzen dira suediarrak, suoine edo svear izenez; harrezkero bikingoen garaia arte (IX. mendea) ez da suediarren berririk ia. Garai horretan bikingoak mendebalera bezala, horien kideko varegak Baltikoaren ekialdeko lurraldeetara zabaldu ziren, Finlandiako, Volga eta Dnieper ibaien inguruetako herriak mendean hartuz. Hedatze horretan Itsaso Beltzeko eta Kaspiar Itsasoko ertzetara eta Konstantinoplaraino iritsi ziren, beren mendeko lurraldeetan suediar erresuma txikiak sortuz; horietan ezagunena Kievekoa izan zen. Suedian bertako erresuma indartzen, hala ere, 1250. urte aldetik aurrerako bakealdiarekin hasi zen. Suediako jauntxoengan itzal handirik ez zuen erregeak. Birgen Jarl-ek errege-gazteluak eraiki eta lurraldearen administrazioa bere esku hartu zuen. Magnus Ladulas-ek (1275-1290) feudalismoaren garaiko gizartea antolatzeko moldeak sartu zituen, eta nobleekin batera lehen hiriak eraiki Stockholm, Kalmar, Lödöse, besteak beste; Suediako lehen konstituzioa edo legedia ere garai horretakoa da (1319). Handik hurrengo errege Magnus Eriksson-ek (1319-1363), Suedia bozketaz arautzen zen erresuma zela zioen legea sinatu behar izan zuen. Horrez gainera, Finlandiako parte bat erantsi zion Suediari (1323) eta nekazaritzari bultzada handia eman zion. v Eskandinaviako lurraldeen batasuna eta Suediaren burujabetasuna. 1200. urteaz gero Alemaniaren eragina handituz zihoan Suedian bezala Eskandinaviako beste lurraldeetan ere. Magnus Erikssonen ondorengo erregearekin, Mecklenburg-eko Albrecht-ekin (alemaniarra) areago handitu zen hori. Alemaniari aurre egiteko Danimarkak eta Norvegiak bat egin zuten lehenik (1380); Suediak ere gero Danimarkaren laguntzarekin Albrecht erregea bota zuen (1389) eta Kormar-ko Batasuna izeneko itunean hiru lurraldeek errege bat hautatu zuten, bakoitzak bere legeak eta ohiturak gordeaz hala ere. Beste 100 urtean Danimarkaren mende egon zen esateko, hura baitzen hiruretan aberatsena, indartsuena eta biztanle gehien zuena. Harekin hainbat tirabira izan ondoren eta haren aurkako beste hainbat matxinadaren ondoren gerra sortu zen, eta danimarkarrak garaitu zituzten (1471). Horren ondoren lortu zuten parlamentu bat biltzea, nobleziaren, kleroaren, burgesiaren eta nekazarien ordezkariek osatua. Erabateko burujabetasuna ordea, 1523an Gustabo Eriksson jeneralak danimarkarrak garaitu eta Gustabo Vasa (1523-1560) errege bihurtu zenean lortu zuten. Erreinaldi gogorra izan zuen. Ekonomia lur jota zegoen eta matxinada askotan parte hartuak ziren suediarrak besterik gabe errege baten mende jartzeko. Nobleziaren eta kleroaren matxinada asko zapaldu behar izan zituen. Erreformako aldakuntzez (1520-1530) baliatuz kleroa sekularizatu zuen eta haren ondasunak nobleziaren esku jarri zituen. Zergak lehen baino zuzenago biltzen hasi zen gero, eta nekazaritzak eta industriak aurrerapen handia izan zuten. 1544an Parlamentuaren erabakiz erregetza herentziazko bihurtu zen. Hurrengo 50 urteak (1560-1611) oso nahasiak izan ziren, Gustabo Vasaren semeen arteko borrokengatik, batetik, katolikoen, luterotarren eta kalbinotarren arteko borrokengatik, bestetik, eta errege horietako batzuek (Erik XIV.a eta Karlos IX.a) beren ekialdera eta mendebalera zabaldu nahian Poloniarekin, Errusiarekin eta Danimarkarekin topo egin zutelako, azkenik. Gustavo II.ak (Adolfok), Poloniaren, Errusiaren eta Alemaniako enperadorearen kontra lortu zituen garaipenengatik, eta lehenengo bien aurka Livonia eta Estonia lortu zituelako gerrako buruzagi on gisa ezagutu izan den arren, bere aurrekoak baino tentu handiagoa izan zuen agintzeko eran. Hogeita hamar urteko gerran protestanteen alde irten zen, baina Suediako biztanleei askatasun handiagoa eman, eta ekonomia sendotzeari eta hiriak berritzeari eman zitzaion erbesteko jakintsuez inguraturik. v Itsaso Baltikoko nagusitasuna. 1543-1545 bitarteko gerran Suedia irten zen garaile; 1658an Karlos X.a Gustavok danimarkarren eta norvegiarren erresumari Eskania, Halland, Blekinge, Bohuslän eta Gotland kendu zizkien. Suedia zen Baltikoko nagusi. 1700. urtean ordea, Karlos XII.a Suediako errege zela, Errusia Sajonia-Polonia eta Danimarka elkartu ziren haren aurka eta hainbat garaipen izan zituen arren (1700-1721 bitarteko gerra), azkenean Errusia irten zen indartua eta bera egin zen Baltikoko nagusi Livonia, Estonia, Ingrie eta Karelia bereganaturik. v Askatasunaren eta gustavotarren garaiak. Gerra eta estuasun aldi horri askatasun aldia jarraitu zitzaion. Herriaren haserrea baliatuz parlamentuak eta errege-kontseiluak eskubideak are gehiago murrizten zizkion konstituzioa onartarazi zion erregeari. 1720-1771 bitartean liberal-bakezaleen alderdia eta merkataritzaren eta Errusiaren kontrako alderdia egon ziren aginpidean. Adiskidekeria eta gisa horretako beste hainbat lege-hauste izan zen arren orduan eman zitzaien geroko joera demokratikoei sarrera. Meagintza, kimika eta beste hainbat jakintza alorretan aurrerapen handiak egin ziren. Altzairu eta burdin esportatzailerik handiena bihurtu zen Suedia. Garai horretakoak dira Celsius, Lineo, Wallerius, besteak beste. Aldi berean, ordea, herri xehea oso egoera gogorretan bizi zen. Herriaren haserrea eta zegoen adiskidekeria aitzakia 1772an estatu kolpe bat eman eta konstituzio berria ezarri zuen Gustavo III.ak (1771-1792). Konstituzio horren bidez erregetza eta estatua indartu zituen, zentralista eta despotiko bihurtzeraino. Suediari lehen izandako handitasuna itzuli nahi izan zion, bestalde, eta Errusia Turkiarekin gerran sartu zela baliatuz berak ere gerra deklaratu zion. Nekazarien eta gudarostearen matxinadak izan zituen arren, Svenksund-eko itsas garaipenaren ondoren bere aldera moldatu zuen gerra. Gustavo IV.ak Ingalaterrarekin harreman onak lortzera zuzendu zuen bere politika, harekin baitzituen Suediak merkataritza harremanik onenak, baina Ingalaterrak Frantziaren aurkako gerrara eraman zuen eta, horren ondorioz, Suediak Finlandia galdu zuen. Ondorengo erregeak, Karlos Joanek, Finlandia galdu izanaren truke zerbait eskuratzeko, Errusiarekin oneratu, eta, harekin batera Frantziaren eta Danimarkaren aurka gerran sarturik, Norvegia bereganatu zuen. Norvegia, beraz, autonomia handia zuela, Suediako erregearen mende egon zen 1905 arte. 1814tik gaur arte Suediak ez du beste gerrarik izan. Azken 180 urteetan pertsona eta herritar gisa duintasunez bizi ahal izateko eskubideetan suediarrek aurrerapen handiak egin dituzte. 1840an, ministroak, ordu arte aholkulari huts zirenak, gobernuak har zitzaken erabakien arduradun bilakatu ziren. 1842an lehen mailako ikasketak nahitezko bihurtu ziren. Udalek beren gisa antolatzeko eskubidea lortu zuten. 1890-1930 bitarteko industrializazioarekin herri higikundeak sortu ziren (langileen aldekoak, alderdi sozial-demokrata, emakumeenak, erlijio-askatasunaren aldekoak, besteak beste) eta lortzen zituzten eskubideei eskakizun berriak erantsiz demokraziaren oinarriak jarriz joan ziren. 1921ean, herritar guztiei, emakumezkoak barne, botoa emateko eskubidea onartu zitzaien. Sozialdemokrazia 1932an iritsi zen aginpidera. Langileen eta industrialarien arteko elkar ulertzea bultzatu zuen sozialdemokraziak (Saltsjoebaden hitzarmena, 1938). Gobernua saiatu da emakumeen eta gizonezkoen arteko desberdintasunak txikitzen, eta hainbat kanpaina egin ditu helburu horrekin. Oinarrizko hezkuntzan bai mutilei bai neskei etxeko lanak egiten, jaioberriak zaintzen edota egurra eta metala lantzen erakusten zaie. 1981ean emakume ezkonduen erdiak jarduera profesionala zuen etxetik kanpora. Abortua librea da hirugarren hilabetea arte. Bortxaketa sexualei buruzko legeari dagokionez, legeak ez dio gizonezkoari leungarririk onartzen eta oso zigor latzak daude ezkongaiaren bortxaketa dela-eta. Emakumeek lanbide guztietara dute sarbidea (gudarostean izan ezik), baina gizonezkoak baino % 20 gutxiago irabazten dute oro har. Lehen Mundu Gerraz geroztik, bake garaian aliantza militarrik ez egiteko politika eraman du aurrera Suediak, gerra garaian neutraltasuna ziurtatzen baitu era horretan. Bigarren Mundu Gerran merkataritza bideak hautsi egin ziren eta elikagai falta handia izan zen. Hori berriz gerta ez zedin, gobernuak neurri protekzionistak hartu zituen eta, oro har, elikagaien prezioak nazioarteko merkatukoak baino garaiagoak dira. Gerra hotzean ekialdearen eta mendebaldearen arteko tirabirak lasaitzearen aldeko agertu zen Suedia, eta armagabetzearen alde ere egin zuen. Suediaren eta SESBren arteko harremanek txarrera egin zuten 1980ko hamarraldian, besteak beste, Txernobil-eko istripuaren ondorioak zirela-eta; zentral nuklearraren irradiazio atomikoa Laponia hegoaldean barrena zabaldu zen. Suedia izan zen Ipar Vietnam ezagutu zuen lehenengo herrialdea (1960), eta garrantzizko papera bete zuen, Olof Palme Lehen ministroaren bidez, Iranen eta Iraken arteko borrokan. Lau hamarralditan zehar sozialdemokraziak nagusitasun politikoa izan du Suedian, eta hazkunde ekonomiko eta industrial bizkorra bideratu zuen. 1970eko hamarraldia arte suediar kapitala zuten zenbait enpresak, ekoizpen maila garaikoak, munduko transnazional handienen artean zeuden (Volvo, Saab Scania, Ericson, Electrolux, Svenska, etab). Hala ere, 1970eko hamarraldian ekonomia hazkundea moteldu egin zen, petrolioaren inportazioaren garestitzeak eraginda gehienbat 1973. urtetik aurrera. Suediako energia hornikuntzaren erdia inportatzen den petrolioaren mende dago. 1980an izan zen plebiszitu batean Legebiltzarrak erabaki zuen 2010. urtea baino lehen 12 erreaktore nuklear ixtea. Ekonomia krisiaren garaian erdialdeko alderdiak, alderdi liberalak eta kontserbadoreak koalizio gobernu bat osatu zuten 1976ko hauteskundeen ondoren. Handik sei urtera sozialdemokrazia aginpidera itzuli zen berriz ere, eta 1988an ere berritu egin zuen aginpidea. 1986an Olof Palme sozialdemokrata hil zuten oraindik argitu ez den atentatu batean, eta Ingvar Carlsson izan zuen ondorengo Lehen ministro karguan. Ekialde Hurbilera eta Indiara armak saltzearekin zerikusia zuten zenbait ekintzatan gobernuaren eta Bosfors etxearen parte hartzea aztertu behar izan zuen legebiltzarrak. Suediako legeek jarduera horiek debekatzen dituzte, eta baita borroka militarrak dituzten lurraldeekin edo gerraren batean parte hartzen duten herrialdeekin merkataritza harremanak izatea ere. Baina, biztanleak ekonomia eta ingurumenarekin kezkaturik zeuden oso, Sobietar Batasuneko industrien gas jarioek euri azidoa eta elur kutsatua ekarri baitzuten Eskandinavia ingurura. 1989an SESBk hitz eman zuen 1993. urtea baino lehen % 40 gutxituko zituela igorpen horiek. 1980ko hamarraldiaren bukaeran, Europar Batasunaren auzia hurbildu ahala, berpiztu egin zen Suediak bere merkataritza bazkide nagusiekin etorkizunean izan behar zituen harremanei buruzko auzia. 1990ean Carlssonen gobernuak Suedia Europako Ekonomia Erkidegoan sartzea eskatu zuen. 1991ko hauteskundeetan sozialdemokraziak legebiltzarrean zuen gehiengoa galdu zuen. Koalizio batek, alderdi moderatuak, liberalak, erdialdekoak eta demokratakristauak osatua, Carl Bildt buruzagi moderatua hautatu zuen Lehen ministro. Azken hauteskunde horietan hiru alderdi berri izan ziren legebiltzarrean: Alderdi Berdea, Alderdi Demokratakristaua, eta Demokrazia Berria (eskuineko alderdia). 1991. urtearen amaieran Suediako langabeziak bere tasarik gorena iritsi zuen. 1991. eta 1992. urteetan, ekonomia krisiaren ondorioz, xenofobia bolada gogorra izan zen, eta atzerritarren kontrako erasoak ugaritu egin ziren. 1993an eraikuntzaren sektoreko milaka langile kalera irten ziren lan eske; lehenengo aldia zen hogeita hamabost urtean halako zerbait gertatzen zela. 1993an erregeak legebiltzar berri bat inauguratu zuen laponiarrentzat. 1994an langabezia tasa % 13ra igo zen, eta etorkinen eta atzerriratuen artean % 40ra iritsi zen. 1994an egin zen erreferendumean suediarren % 52ak onartu zuen Suedia Europar Batasunean sartzea. Politikari eta enpresa gizon asko sartzearen aldeko ziren; ezker alderdiak eta ekologistak, aldiz, kontrakoak ziren. Azkenik, 1995eko urtarrilean, Europar Batasunako kide egin zen Suedia. Bien bitartean, sozialdemokratek defizit publikoa gutxitzeko lanean jarraitu zuten, eta horretarako zergak igo eta estatuaren gastuak gutxitu zituzten. 1996an Finantza ministro berria jarri zen gobernuan, Göran Persson. Ministro berriak ahalegin handiak egin zituen defizita arintzeko, eta zergak igo zituen, baina langabeziak % 13an jarraitzen zuen. Zenbait neurri jarri zuen abian lan merkatua malgutzeko, baina Sindikatuen Konfederazioa kontra jarri zen, eskuinerantz egitea leporatzen baitzion gobernuari. 1997. urte amaieran Suediako gobernuak adierazi zuen ez zuela Europar Batasuneko diru batasunean parte hartuko.
http://www.nationsonline.org/oneworld/sweden.htm