Stoss, Veit
Alemaniar eskultorea (Suabia, 1438 - Nurenberg, 1533). 1477-1496 urteetan Polonian, Bohemian eta Hungarian lan egin zuen. Harria eta zura landu zituen. Flandesko eta Danubioko artea eta holandarren errealismoa batera jarri zituen bere lanetan, eta Alemaniako gotikoan eragin handia izan zuen. Lan nagusiak: Krakoviako Andra Maria elizako aldare nagusia (1477-1489), Casimir IV.aren hilobiko eskulturak eta Zwigniew artzapezpikuaren hilobikoak. Geroago egin zituen Nurenbergeko San Sebaldo (1499-1520) eta San Lorentzo (1513-1518) elizetako eskulturak eta Bamberg-eko katedralekoak.