Strauss, Franz Josef
Alemaniar politikaria (Munich, 1915 – Regensburg, 1988). Munich–eko unibertsitatean egin zituen ikasketak. Bigarren Mundu Gerran naziekin borrokatu zen eta gerra amaitzear zegoenean aliatuek preso eraman zuten. 1945. urtean askatu ondoren, Bavariako barne ministerioan lan egin zuen. Sozial Kristau Batasuna (CSU) alderdiaren sortzaileetako bat izan zen, eta 1949. urtean diputatu aukeratua izan zen. 1953. urtean, berriz ere parlamenturako aukeratua izan ondoren, Adenauer kantzilerrak ministro izendatu zuen sail berezirik gabe. 1955ean gai atomikoetako ministro eta Defentsarako Batzordeko lehendakari aukeratua izan zen, eta hurrengo urtean kantzilerrak defentsa ministro izendatu zuen. 1962. urtean Straussek kargua utzi beharra izan zuen Der Spiegel astekariarekin izandako tirabiren ondorioz. Hala ere, alderdiaren lehendakari jarraitu zuen eta 1966. urtean Finantza ministro izendatu zuten. Hiru urte geroago Alderdi Sozial Demokratak irabazi zituen hauteskundeak, baina Straussek Bavarian ez zuen indarrik galdu, eta 1978. urtean Bavariako lehendakari aukeratu zuten, hil zen arte.