Steiner, Jakob
Suitzar matematikaria (Utzenstorf, 1796 - Berna, 1863). Geometria proiektiboaren sortzaileetako bat. 14 urte zituen arte ez zuen irakurtzen eta idazten ikasi. Bere gurasoen esanaren kontra 18 urte zituela Yverdon hiriko Pestalozzi eskolara joan zen. Han geometriarako zuen erraztasun handia erakutsi zuen. Gerora Heidelbergen eta Berlinen egin zituen ikasketak. 1826. urte aldera argitaratu zituen lehen lanak eta 1832. urtean Könisgberg-eko unibertsitateko ohorezko doktore titulua jaso zuen. Handik bi urtera Berlingo unibertsitatean geometria sailaren arduradun hautatu zuten; postu hartan aritu zen lanean hil arte. Apollonio Perga-koa greziarraren ondoren izan den geometrilaririk handienatzat hartua izan da Steiner. Bere izeneko teorema, Steiner-en gainazala (edo erromatar gainazala), eta Poncelet-Steiner-en teorema azaldu zituen, besteak beste. Beste ikerketa asko ere egin zituen: kurba aljebraikoen tasunez, kurben maximoez eta minimoez, etab. 1881 eta 1882. urteetan, Gesammelte Werke izenaz, haren idatzien bilduma argitaratu zuten.