Steinbeck, John
Estatu Batuetako idazlea (Salinas, Kalifornia, 1902 - New York, 1968). Lanbide askotan jardun izanak eragin handia izan zuen gero bere eleberrigintzan. Lehen liburuetan gizarte gaiei ematen zien garrantzia batez ere, behartsuenganako atxikimendua eta elkartasuna adieraziz: In Dubious Battle (1935, Zalantzazko borrokan), The Grapes of Wrath (1939, Haserrearen mahats-aleak), Steinbeck-en libururik ezagunetako bat, John Ford-ek 1940ean zinemara egokitu zuena; Tortilla Flat (1935), arrakasta handia izan zuena; Of Mice and Men (1937, Saguak eta arratoiak). Bigarren Mundu Gerra bitartean gerrako kazetari izan zen, eta propagandako liburuak idatzi zituen. Hasierako lanetan gizarte gaiak landu bazituen ere, denborarekin jarrera kontserbadoreagoak izan zituen, eta, besteak beste, Vietnam-go gerraren alde agertu zen. Zinemarako gidoiak idatzi zituen, horien artean Elia Kazanen Viva Zapata (1952). 1962an Literaturako Nobel saria eman zioten. Beste idazlanak: East of Eden (1952, Eden ekialdean), Elia Kazanek 1955ean zinemara egokitu zuena; The Way-Ward Bus (1947, Autobus galdua), The Pearl (1948, Perla, Ruper Ordorikak euskarara itzulia), The Acts of King Arthur and his Noble Knights (1959, Arturo erregearen eta haren zaldun prestuen ekintzak).