Stein, Peter
Alemaniar antzerkigilea (Berlin, 1937). Gerra ondoko berrikuntza giroan hazi zen. Germanistika eta artearen historia ikasi zituen eta Fritz Kortner-en laguntzaile izan zen Munich-eko Kammerspiele-n. Han izenpetu zuen Steinek bere lehenengo lana, Edward Bonden Salbatuak (1967). Bremen, Zurich eta Franckfurt-en egon zen ondoren. 1970ean Mendebaldeko Berlingo Schaubühneko zuzendari artistiko izendatu zuten; kalitatezko aukera berri bat izan zen Stein buru izan zen bitartean. 1986an utzi zuen Steinek erakunde hori eta Berlinera joan zen berriz ere. Salzburgoko Jaialdiko zuzendari izan zen Gérard Mortier-ekin batera. 1968an, Munich-en zela, Peter Weiss-en Vietnami buruzko hitzaldia zuzendu zuen. 1969an, Bremen-en, Goetheren Torquato Tasso-ren bertsio bat egin zuen. 1970ean Schaubühnera iritsi zenean Steinek Brecht-en Ama antolatu zuen. Handik urtebetara, Peer Gynt osatu zuen, XIX. mendeko burgesen indibidualismoaren mitoa erakusten zuena. Iraganeko antzerkia –Kleist-en Hombourg-eko printzea (1972), Gorkiren Udatiarrak (1974), Shakespeareren Zuk nahi bezala (1977)– eta gaur egungoa elkartzen zituen, besteak beste, Botho Strauss-en lanarekin (Handia eta txikia, 1978; Parkea, 1984). Orestiada (1980) izan zen Steinen lanaren beste gailurretako bat. Greziar tragedia zehaztasun handiz berregin zuen Stein-ek, espresionismoaren bidetik. 1984an Hiru ahizpak eta 1989an Gereziondoa osatu zituen.